AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/08 18:44

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak goizeko aurreneko orduan eman du berria: bada denbora bat Zumaiako (Gipuzkoa) Aita Mari auzuneko 16. zenbakian dagoen espazioa ireki zuela, eta han jarri du martxan Etxape Zentro Sozialista. Bere garaian, Eroskiren denda bat zegoen espazio horretan kokatuta (Eroskiren jabetzakoa da), baina ez zaio inolako erabilera publikorik eman 20 urte luzez, eta abandonu egoeran egon da. Iluntzean agerraldi bat egin dute Zumaian, eta modu horretan aurkeztu dute Zentro Sozialista berria.

Kontseilu Sozialistako kideek azpimarratu dutenez, "krisi egoerak erabat markatutako testuinguruan bizi gara gaur egun". "Egunetik egunera okertzen ari dira langileriaren bizi baldintzak, eta etengabea da eskubide politikoen galera ere. Ikusi besterik ez dago azkenaldian nola ari diren garestitzen oinarrizko bizi baliabideak: energia, elikagaiak, etxebizitza... Baina politikoa ere bada oligarkiak sustatutako ofentsibak dakarkigun pobretzea: eskubide politikoak ezabatzen eta proletalgoaren antolakuntza independenterako baldintzak deuseztatzen ari dira", seinalatu dute.

"Testuinguru horretan, berebiziko garrantzia du baldintza horiek defendatzeko borrokak. Proletalgoaren klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa indartzea da, gure ustez, bizi baldintzen eta askatasun politikoen pobretze orokorrari aurre egiteko bidea", aldarrikatu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak.

Autodefentsarako tresnentzako bultzada

Gogorarazi dutenez, Urola Kostako Mugimendu Sozialistak hainbat borroka, dinamika eta proiektu jarri ditu martxan azken urteetan, eta orain arte abiatutakoak sostengatzeaz gain, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortu eta indartu" nahi dituzte Etxape Zentro Sozialistaren bidez. Besteak beste, "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak" eta abar jarri nahi dituzte martxan Etxapen. "Epe motzean", esaterako, euskarazko mintzapraktika saioak antolatu nahi dituzte Zentro Sozialista berrian.

Espazioen beharra

"Horretarako, ordea, espazio baten beharra dugu", ohartarazi dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Bide horretan, Eroskiren Aita Mariko espazio horren erabileraren inguruko adostasun batera heltzeko borondatea dugu", azaldu dute; "dena den, 20 urtez hutsik egon den eta jardun politiko nahiz sozialerako ireki dugun espazioa ez husteko bermea da eskatzen duguna".

Jakinarazi dutenez, Eroskirekin harremanetan jarri dira hainbat bitartekari, espazioaren erabileraren baldintzak adosteko elkarrizketa-prozesu bat hasteko. Enpresak, baina, ez du erantzun argirik eman oraingoz.

Gaur arratsaldean, Ertzaintza nahiz Zumaiako udaltzainak bertaratu dira Etxape ingurura. Iluntzean, prentsaurrekoa egiten ari zen bitartean, Ertzaintza Zentro Sozialistara hurbildu da eta sarrera bat itxi du. Polizia-lerroa mantentzen dute une honetan.

Deialdiak

"Proletalgoak antolakuntza gaitasuna irabaztea eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzea da espazio horren xedea", azpimarratu du Kontseilu Sozialistak. Hala, hurrengo deialdiei adi egotera deitu du; bihar, auzolanean arituko dira egunean zehar, Etxape egokitzeko lanei helduta.

EZ DAGO IRUZKINIK