AKTUALITATEA / Sindikalismoa

Teknikarien beste greba-egun historiko bat

EAEko ehunka teknikarik jo zuten grebara atzo, euren lan-baldintzen defentsan. 50 bat ekitaldi geratu ziren bertan behera greba zela-eta: "Horrek argi erakusten du ikuskizunetako langileen batasunak duen indarra". Patronalak euren eskaerei entzungor egiten segitzen badu, protestekin segituko dute beharginek.
2026eko abuztuaren 27 - 07:02
Teknikarien beste greba-egun historiko bat
— ARGAZKIA LAB

Greba-eguna izan zen atzo EAEko ikuskizunen sektorean; beste greba-egun historiko bat, joan den udaberrian langileek lehen aldiz jo zutenetik grebara. Lan-baldintza prekarioen aurka borrokan ari dira, eta hainbat greba-egun izan dituzte uda honetan, hiriburuetako jai nagusietan hala nola. Bilboko Aste Nagusia ere azpimarratutako hitzordu bat zen langileentzat, eta abuztuaren 26rako deitu zuten grebara; atzorako, alegia. Beste egun batez, ehunka behargin batu ziren lanuztera, eta 50 emanaldi inguru bertan behera uztea lortu zuten.

Goizetik hasi ziren piketeak: Arriaga Plaza ezarri zuten langileentzako elkargunetzat, 11:00etatik 17:00etara bitartean, eta hainbat gunetara bertaratu ziren egunean zehar, euren lan-aldarrikapenak eramateko eta greba-eskubidea erreibindikatzeko. Goizean, Bilboko Pergolara hurbildu ziren, Teknikariak borrokan zioen pankarta bat eta turutak hartuta. Hainbat ikusle, ordea, grebalarien aurka oldartu ziren, eurei babesa eman beharrean. Tentsio-uneak izan ziren: zenbait ikuslek langileak iraindu zituzten, altxatu eta turutak kentzen saiatu ziren, eta abar.

Beste espazio ugaritan, dena den, oso bestelakoa izan zen erantzuna: Bilboko Konpartsek bertan behera utzi zituzten atzoko musika-emanaldiak, grebalariekin elkartasunez, eta eurei babesa emateko pankarta ugari ikus zitezkeen txosnetan. Hainbat konpartsak, gainera, bat egin zuten langileek arratsalderako antolatutako mobilizazioarekin. Kontzentrazioa 17:00etan izan zen, Arriagan, eta piketeekin jarraitu zuten horren ostean.

Uda honetako lanuzte historikoen ondoren, lanaldi amaigabeen, lan-egutegien gaineko ziurgabetasunaren, lan-ezegonkortasunaren eta abarren aurka borrokan jarraitzen dute EAEko ikuskizunetako teknikariek. Teknikariok Sindikatuak, ESK-k, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk eta CNTk deitu dute grebara azken hilabeteetan, eta ikusteke daude hurrengo urratsak. Momentuz, beharginek aurreratu dute protestekin segituko dutela, EUKI patronalak euren eskaerei eta negoziazioei muzin egiten jarraitzen badu. Langileek duela astebete eskas seinalatu zuten greba ez zela "azken helburua", "patronala zentzuzko negoziazio batera behartzeko tresna bat baizik".


Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk langile bati egindako elkarrizketa.