AKTUALITATEA
Ziurgabetasun osoa nagusitu da Sestaoko (Bizkaia) Vicinay enpresan, zuzendaritzak iragarri ostean plantillaren %50 kaleratu nahi duela eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri nahi diela gainerakoei. Langileek, ordea, ezezko argia eman diete murrizketei, eta salatu dute lantegiko jarduera industriala mantentzeko interesik ez duela lantokiaren gaur egungo jabe Dámaso Quintanak. Horren ordez, Vicinayko langile-batzordeak susmatzen du enpresariak eremuko lurretan soilik duela interesa, besteak beste, itsasorantz daukan irteeragatik.
Beharginek ostiralean egin zuten protesta bat, Vicinayn ez dago inor soberan. ERErik ez. Eusko Jaurlaritza arduradun lelopean. Izan ere, Jaurlaritzaren erantzukizuna seinalatzen dute langileek, eta gatazkan esku har dezala exijitzen dute: Jaurlaritzatik diru publikoko 15 bat milioi euro bideratu dituzte Sestaoko enpresara, eta horiek horrela, langileek beharrezkotzat jotzen dute gobernuak argitu dezala ea mugimendu horiek egitean zein konpromiso hartu zituzten enpresa-zuzendaritzarekin, lanpostuei dagokienez esaterako.
Enpresako zuzendaritzak proposatu du azaroaren 9an ekitea negoziazioei. Gaur egun, 130 langile inguru dira Sestaoko lantokian. 2025eko uztailean sartu zen enpresa hartzekodunen konkurtsoan, baina erreskate bat jarri zuten martxan joan den udan: Dámaso Quintana buru duen Velora taldeak eskuratu zuen konpainia, Jaurlaritzaren eta Ekarpen funtsaren (Mondragon taldea, Kutxabank, diputazioak eta abar dituzte loturak) finantza-babesarekin.