Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak geldiarazi egin du Sarbilgo (Etxauri, Nafarroa) makroproiektu fotovoltaikoa. Hala adierazi du Cabezon de Etxauri Bizirik herri-ekimenak. Bertan, 800.000 panel instalatu nahi zituzten, bailarako mendia industrialde bilakatu eta "gutxi batzuen interes ekonomikoak" asetzeko.
Irailaren 15ean, Ingurumen Sailak obraren ingurumen-inpaktua neurtzeko txostena argitaratu zuen; eta, hori horrela, makroproiektuaren aurkako ebazpena adierazi du. Haatik, orain hartu duten erabakia urtebeteko herri-oposizioaren eraginez izan dela nabarmendu du Cabezon de Etxauri Bizirik plataformak. Izan ere, azken hilabeteotan, Etxauri, Oltza Zendea nahiz Orkoiengo biztanle andanak salatu du proiektua ez dela interes orokorrekoa, eta nabarmen kaltetuko lukeela eskualdeko ingurumena.
Apirilean 2.500 paperezko alegazio baino gehiago jaso eta entregatu zituzten, baita digitalak ere. Horrelako ekimenei esker, honako erakunde eta talde hauek guztiek makroproiektua geldiaraztea eskatu zuten: Oltza Zendea, Jaitz, Goñi Ibarra, Bidaurreta, Belaskoain, Larraia, Izurtzu, Lezaun, Otxobi eta Sarasateko udalek, baita Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Urbi Auzo elkarteak, Gure Haizeak, Urbasa Andia Bizirik, Sustrai Erakuntza, Ecologistas en Acción, SEO/BirdLife eta Satorrak.
Era horretan, salatu dute, azken urteotan, hainbat erakunde ez direla gardenak izan makroproiektuari dagokionez. Esaterako, honako adierazpen hauek egin ditu Cabezon de Etxauri Bizirikek: urriaren 31n "Etxauriko Udalak [EH Bildu], sustatzaileak eta ingeniariak azaldu zuten makroproiektua gauzatzeko akordio bat sinatuta zutela. Ia urtebete geroago, argi eta garbi geratu da proiektu bat modu ez zintzoan sustatzen aritu direla, herritarrei informazioa eman aurretik, gardentasun eta parte-hartze gutxirekin, ingurumen eta gizarte-inpaktuak aztertu aurretik arduragabeki bultzatuta".
Udal-gobernuak makroproiektua "subiranotasun energetikoaren" eta "prozesu parte-hartzaile" baten izenean defendatu izana gaitzetsi du plataformak, baita hainbat gezur egon direla ere: talde sortu berriak; prozesua elikatzeko "inbertitutako" 14.000 euroak; ateak itxita egindako bilerak; "Madrildik etorritako" beste proiektu batzuk eragozteko egin izana; dena martxan zegoela eta ezin zela geldiarazi esan izana; eta "proiektu hau ezberdina da" mantraren errepikapena izan dira tokiko erakundeek erabilitako aitzakietako batzuk.
Horrez gain, argitu dute azken hilabeteotako mobilizazioen oinarrian ez dagoela energia berriztagarrien "aurkako jarrerarik", espekulazio ekonomikoaren eta makroproiektuen aurkakoa baizik. Gainera, adierazi dute kontuan hartu beharko litzatekeela halakoen ingurumen-inpaktua eta "ingurune natural guztiak ez direla leku egokiak instalazio industrialak egiteko".
Makroproiektuaren kudeaketa arduragabe eta opakuak "inpaktu fisiko, psikiko eta sozial" ugari utzi dituela adierazi badute ere, hura atzera bota izana "ospatzeko moduko albistea" dela dio Cabezon de Etxauri Bizirikek, eta pertsona, auzotar, kolektibo eta kontzejuak inplikatu izana goretsi dute.