AKTUALITATEA / Faxismoa

Quilesek dio kereila bat jarriko diola Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari

Atzo Iruñean egindako agerraldi laburrean Espainiako Poliziak emandako babesa ez zela nahikoa izan dio asaldatzaileak, bere burua kontraesanez: atzo harro zioen "beldurra galdu" dutela faxistek.
2026eko urriaren 16 - 08:49
Quilesek dio kereila bat jarriko diola Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari

Vito Quilesek bart esan du, gauerdian, kereila kriminal bat aurkeztuko duela Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariaren aurka: Alicia Etxeberriaren aurka, alegia. Quilesek gobernu-ordezkaritzari leporatu dio bere eta bere matoien bizia arriskuan jarri izana, iritzita atzo Iruñean Espainiako Poliziak eman zien babesa ez zela nahikoa izan.

"Dispositibo polizilak uko egin dio gu ekitalditik ateratzeari, mila ETAkideren aurrean arriskuan jarriz, zeinak bortizki inguratu zuten gure furgoneta", zioen agitatzaile faxistak X sare sozialean. "Ordainduko dute", gaineratu zuen. Adierazpenok kontraesanean sartzen dira nolabait Quilesek aurrez esandakoarekin, harro adierazi baitzuen "ezkerrari beldurra galdu" diotela faxistek.

Kexak kexa, Espainiako Poliziak probokatzailea hasieratik babestu zuen atzo Yamaguchi plazan: 18:00etarako zegoen deituta Quilesen agerraldia, eta ordurako, ingurua erabat hartuta zeukan Poliziak. Hainbatetan kargatu zuen plazara hurbildu ziren antifaxisten kontra, gas negar-eragilea eta foam balak erabiliz, are gehiago: pertsona bat larriki zauritu zuten poliziek, eta hainbat antifaxista atxilotu zituzten. Hala ere, Quiles minutu gutxi batzuz agertzera soilik ausartu zen, eta hitzartutakoa baino ia ordubete beranduago gainera.