Indar Gorri Osasunako zaletuen taldeak martxa bat antolatu du Iruñeko (Nafarroa) presondegira, Sadarren nahi ditugu! Amnistiaren bidean! lelopean. Larunbat honetan, hilaren 30ean, 11:30ean abiatuko da martxa Sadar futbol-zelaitik.
Taldearen arabera, haien borroka ez da kirol-esparrura mugatzen. Hori dela eta, preso guztien egoera salatzeko eta haiei babesa adierazteko antolatu dute martxa. Izan ere, mobilizazio horren bidez, "presoek jasaten dituzten baldintza txarrak, espetxe-sistemaren bidegabekeriak eta eskubide urraketak publikoki salatuko" dituzte. Indar Gorriko kideen ustez, preso politikoen egoera Euskal Herriko errealitatearen adierazle "lazgarrienetariko" bat da: aurretik aipatutakoez gain, isolamendu-egoerak eta presioa etengabe bizi ohi dituzte presoek. Are, presoez gain, egoera bidegabe horiek senide eta lagunek ere sufritzea eragiten dutela ohartarazi dute: horien guztien eguneroko ogi bihurtu dira bisitatzeko zailtasunak, kontrol iraingarriak, edo jokabide bidegabeak. Hori horrela, zaletuen taldeko kideek preso guztien "duintasuna eta eskubideak" aldarrikatu dituzte.

Indar Gorrik adierazi du, urteek aurrera egin ahala, presoen auziak "presentzia politiko eta soziala" galdu duela. Ondorioz, "desmobilizazioa nahiz gatazkaren erro politikoak" lausotu egin direla diote. Horiek horrela, gaineratu dute azkenaldian "amnistiaren aldeko borrokaren aurkako oldarraldia" izaten ari dela egun, eta horren adibide direla ongietorrien debeku eta salaketak, edota presoen irudiak erabiltzea debekatu izana.
228.000 euro eta 98 atxiloketa azken bi denboraldietan
Horretaz guztiaz gain, Indar Gorrik azken bi denboraldietako errepresio-balantzea argitaratu du. Artean, 351 isun jaso dituzte, eta 228.000 euro inguru ordaindu beharko dituzte; alegia, batez beste, 1.000 euroko isun bana heldu zaie astero. Gainera, 98 atxiloketa pairatu behar izan dituzte taldeko kideek, atxiloketa bat astero, eta zelaira sartu ezinda, 52 urte arteko zigorrak ezarri dizkietela salatu dute. Hori dela eta, Indar Gorrik kolpe errepresiboari aurre egiteko hainbat ekimen antolatuko dituela iragarri du.
Beste hainbat datu eman ditu zaletuen taldeak. Izan ere, Palestinaren aurkako genozidioa salatzeagatik, Global Sumud Flotillari babesa adierazi izanagatik, eta palestinar erresistentziari elkartasuna helarazi izanagatik, 51.000 euro arteko isunak heldu zaizkie hamazazpi bazkideri, eta kirol-esparruetara sartzeko sei hilabete arteko debekua ezarri die Ligak. Gertakariak 2025eko urriaren 3an jazo ziren, Osasuna-Getafe norgehiagokan: 10. minutuan, hego harmailetik tenis pilotak bota zituzten zelaira, genozidioa eta flotillako ontzi baten bahiketa salatzeko. Gainera, taldeko kide bati 60.000 euroko isuna heldu zitzaion, X sare sozialean Palestinaren aldeko txio bat argitaratzeagatik.
Zera adierazi du taldeak: "Ligak protesta sozial oro despolitizatu eta isilarazi nahi du, adierazpen-askatasunaren aldeko esloganez ahoa betetzen duen bitartean. Horren aurrean, gure jarrera argia da: palestinarren borrokari elkartasuna adierazten eta Israelgo Estatuaren suntsiketa aldarrikatzen jarraituko dugu, harmailetan zein harmailetatik kanpo".