AKTUALITATEA / Preso politikoak
Oskar Barreras preso politikoa isolamenduan sartu dute Basauriko kartzelan
Beste preso bat kartzelazainen aurrean babesteagatik eta ziegan bakarrik egoteko eskubidea defendatzeagatik bakartu dute antza, hirugarren aldiz azken urteetan. Ia 30 urte daramatza preso. Basauriko espetxeko baldintza gogorrez ohartarazi dute: jipoiak, miaketak, gainpopulazioa...
2026eko maiatzaren 7 - 07:48
Oskar Barreras preso politikoa isolamenduan sartu dute Basauriko kartzelan
— ARGAZKIA Onda Vasca

Oskar Barreras preso politikoa isolamenduan sartu dute Basauriko (Bizkaia) kartzelan, bere senide batek jakinarazi duenez. Itxura denez, aurreko ostiralean, beste preso bat jasaten ari zen tratuagatik kexatu zen Barreras, eta hainbat orduz bakartu zuten horregatik. Duela bi egun, ordea, senideari adierazi zioten berriz jarri zutela isolamenduan Oskar. Antza, ziegako baldintzak okerragotu nahi zizkieten berari eta beste preso bati (zeldan bakarrik egoteko aukera ukatuz bere kasuan, eta ia erabat hutsik zegoen ziega kaskar batera mugiaraziz beste presoaren kasuan), eta uko egin zion horri. Arrazoi horregatik bakartu omen dute berriro Barreras.

Preso politikoak 29 urte daramatza gatibu, ia hiru hamarkada, eta hurrengo urtean geratuko da aske, zigorra osorik beteta. Azken urteetan, hiru aldiz jarri dute isolamendu-erregimenean: iazko martxoan, adibidez, kartzelazain oldarkor batekin izandako eztabaida bat hartu zuten aitzakiatzat bera bakartzeko.

Basauriko espetxeko baldintza gogorrez ohartarazten dute hainbat iturrik: funtzionarioak bereziki oldarkorrak direla, presoen aurkako jipoiak eta miaketak etengabeak direla eta gainpopulazioa nabarmena dela salatu izan dute. Kartzela gainezka egoteak zaildu egiten du zeldan bakarrik egoteko aukera, hamaika preso politikok urte luzez defendatu duten eskubide bat; besteak beste, Oskar Barrerasek berak.