AKTUALITATEA / Errepresioa

Osasungarritasunik gabe, tratu txarrak jasaten ari dira Frantzian atxilo hartutako gazteak

Elsa Marcel abokatuak eta Révolution Permanente antolakundeak Bobignyko polizia-etxean atxiloturik dituzten 86 gazte pairatzen ari diren baldintza negargarriak atera dituzte argitara. Horietako 20 adingabeak dira.
2026eko urriaren 21 - 18:49
Osasungarritasunik gabe, tratu txarrak jasaten ari dira Frantzian atxilo hartutako gazteak

Azken orduotan, asteburuan atxiloturiko gazteen egoerari buruzko irudi eta adierazpen larriak zabaldu dituzte Elsa Marcel abokatuak eta Révolution Permanente antolakundeak. Izan ere, Bobignyko (Frantziako Irla) polizia-etxean atxiloturik dituzten 86 lagunen egoera atera du argitara Seine-Saint-Denis abokatu-langelak: osasungarritasunik gabeko ziegetan dituzte, erabat pilatuta, estaltzeko mantarik gabe (manta termikoak ageri dituzte zenbait irudik), eta maiz etzanda egoteko koltxoirik gabe. Horietako 20 adin txikikoak dira. Oraingoz, ez da antzeko kasurik argitara atera estatuko beste ezein lurraldetan.


Bart goizaldean egin du bisita polizia-etxera abokatu-taldeak; eta, ikasle-protestetan atxiloturikoen ziegak banan-banan ikuskatu ondoren, txosten bat argitaratu du. Idatzian, behin eta berriro nabarmentzen da zein egoeretan dituzten dozenaka gazte horiek. Lo egiteko eta berotzeko azpiegitura falta zaie; hotza dutela adierazi dute gehientsuenek; garbiketarako materialik ez dute jaso, ezta arropa berririk ere. Osasungarritasun falta nabaria da: pixez beteriko plastikozko botilak aurkitu dituzte ziegetan, eta zaborra ari da pilatzen bertan. Baten batek, bestela, janaria eskasa eta egoera txarrean zegoela azaldu du, eta ez dakitela ea gurasoek ba al dakiten bertan daudenik ere. Hainbatek mediku baten arreta galdegin dute, baina ez dute erantzunik jaso, eta ez dute osasun-langilerik ikusi orain artean. Polizien jarrerari dagokionez, gazte batek eskumuturreko mina duela esan die abokatuei, eta beste bik agenteek ahoz egin dietela mehatxu. Gehien-gehienek egun bat eta hiru artean daramate polizia-etxeko ziegetan. Iaz, Bobignyko komisaria bera beste eskandalu publiko baten erdigunea ere izan zen; izan ere, zenbait agentek neska bat bortxatu zuten bertan.


Gaur-gaurkoz argitaratu diren datuen arabera, iragan asteburuko protestekin lotuta, 2.500 lagun baino gehiago atxilotu ditu Poliziak estatu osoan barrena, horietako 800 auziperatu dituzte, eta gutxienez 150 espetxeratu. Larunbatean, Baionan (Lapurdi), bederatzi lagun atxiki zituzten. Horietako biren berririk ez da, bakar bat aske utzi dute, beste bi asteartera arte izan zituzten atxilo (aske utzi zituzten, kargupean), eta beste lau bihar epaituko dituzte, orain arte preso izan dituztelarik. Are, manifestari gehiago atxilotzeko arriskuan egon daiteke, Pirinio Atlantikoetako prefekturak esan baitu "delitugile" gehiago identifikatzeko ikerketa bat irekita dagoela.


Ikasleen biharko manifestazioak, debekatuta


Gainera, bihar mobilizatzera deitu dute hainbat ikasle-sindikatuk. Zenbait lurraldetako prefekturek, ordea, manifestazioak debekatu dituzte, "antolatzaileek ekintza bidegabeak ekiditeko gaitasuna erakutsi ez" dutelako aitzakiapean. Horrelako erabakiak komunikatu dituzte, hain zuzen, Lyonen (Auvernia-Rodano-Alpeak) edo Paris hiriburuan. Hala, eta larunbateko deialdietarako bi egun falta ez direla, baliteke biharko egunean zehar mobilizazio-deialdi horiei loturiko errepresio irudiak ikustea.