Azken astean izan den bero-boladan, Bilboko ikastetxeetako ikasleek eta langileek muturreko tenperaturak jasan behar izan dituzte. Hala salatu zuten atzo hainbat eskola publikotako guraso-elkarteek, elkarrekin egindako agerraldi batean. Seinalatu zuten ikastetxeek ez dituztela beharrezko neurriak hartzen eskolak "labe" bihur ez daitezen: "Aire girotua, haizagailuak, pertsianak, toldoak, estalitako espazioak existitzen dira; beroari aurre egiteko sistema ugari existitzen dira, zergatik ez dira martxan jartzen?".
Pagasarribide eskola da horren guztiaren erakusle nabarmenetakoa, astebetean, lau ikasle artatu behar izan baituzte bero jasangaitzagatik; atzo, ospitaleratu egin behar izan zuten adin txikiko ikasle bat, bero-kolpe bat jasan ostean. Asteartean, lau urteko haur batek pairatu zuen bero-kolpe bat.
"Beroa ez da berria. Soluzio eskaera ere ez", irakur zitekeen guraso-elkarteek prentsaurrekoan zeramatzaten karteletako batek. Izan ere, azaldu zuten duela 20 urtetako txostenak topatu dituztela, eta horietan jasotzen dela, garai hartan jada, beroari aurre egiteko neurriak eskatzen zituela hezkuntza-komunitateak. "Benetan ezin izan dute soluziorik aurkitu bi hamarkadatan?". Horiek horrela, "utzikeria instituzionala" salatu zuten: "Ez da ez normala ez onargarria egoera hau urtez urte, ikasturtez ikasturte errepikatzea". Eta gogorarazi zuten, gainera, eskolek "arduradun zuzenak" dituztela "planifikazioari eta mantenuari" dagokienez; alegia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza batik bat.
Ikasleak ere mobilizatu dira bero jasangaitzaren aurka: Bilboko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) atzo jakinarazi zuen, Luis Briñasen, 100 bat ikaslek eten zituztela eskolak eserialdi baten bidez, muturreko beroa salatzeko.