Bart pintaketa faxistak egin dituzte Maulen (Zuberoa), besteak beste, "Frantzia frantziarrentzat" idatzi baitute margoz karriketan. Eta margoketa horiek ez dira edonolako egun batean ageri, Faxismoaren Kontrako Egunaren bezperan baizik. Izan ere, gaur arratsaldean, egitarau antifaxista bat izango dute Mauleko Pitxu Gaztetxean; hainbat eragilek antolatu dute eguna, eta bertaratzera deitu dute.
13:30ean hasiko da jardunaldia, hainbat kolektiboren materialekin osatutako merkatuarekin: Informazio Antifaxista, Visa, Bamba, Mugimendu Sozialista, Menta liburu-denda, Palestina Askatü... Arratsaldeko 15:00etan, faxismoaren kontrako borrokari buruzko mahai-inguru bat egingo dute, "zinemaren faxistizazioa eta italiar estatuko faxismoa" aztertuz besteren artean. Parte hartuko dute Bloka Blocam Bloquonsek, Visak, Faxismoaren eta Militarizazioaren Kontrako Komiteak eta Etorkinekin taldeak. Mahai-inguruaren ondotik, 18:00etan, Munstroak sortzen direnean dokumentala emango dute, Diario Socialista-k gaur egungo faxismoa lantzeko ekoitzi duen ikus-entzunezkoa. Jarraian, jatekoa eta edatekoa egongo da, eta Teffalok eta DJ Üzkülüzeko girotuko dute gaua.
