AKTUALITATEA / Soldata sistema
Langile bat eraila Ugaon, zuhaitz batek azpian hartuta
51 urte zituen beharginak, eta atzo arratsaldean izan zuen lan-istripua Ugaoko Usila auzoan. Dagoeneko zazpi dira, urtea hasi zenetik, soldatapean bizia galdu duten langileak.
2021ko otsailaren 18
Langile bat eraila Ugaon, zuhaitz batek azpian hartuta

Soldatapean gertatu den beste heriotza baten berri eman zuten atzokoan. Basoan mozketa lanak egiten ari zela, langile bat hartu zuen azpian zuhaitz batek. 16:00ak aldera izan zen lan-istripua eta, larrialdi-zerbitzuetako langileak hura suspertzen saiatu ziren arren, bertan zendu zen behargina. 51 urte zituen.

2021. urtea hasi zenetik, Euskal Herrian zazpi langilek galdu dute bizia haien lanpostuetan. Aurreko astean izan zen azkeneko hilketa: trafiko-istripu batean hil zen garraiolari bat. Erailketa horietaz gain, urtarrilean, hamazazpi urtez amiantoaren eraginpean jardun zuen behargin bat zendu zen. Mungiako (Bizkaia) Brunnschweiler enpresarentzat aritzen zen.