Aurreko ostiralean, Labrazako (Araba) parke eolikoaren kontrako aldarria lehen lerrora eraman zuten berriz. Araba Bizirik plataformak eguerdian jakinarazi zuen bost pertsona kateatu zirela parke eolikoa eraikitzeko obretan, eta lanak geratzea lortu zutela hala. Beste hainbat lagun ere bildu ziren inguruan, protestan ari zirenei babesa emateko asmoz.
Ertzaintza azkar bertaratu zen, eta kateaturik zeuden lau pertsona eraman zituen atxilo Gasteizko (Araba) komisariara. EH Bizirik plataformak deituta, polizia-etxe aurrean elkarretaratu ziren hainbat eta hainbat lagun, atxilotuak aska zitzatela exijitzeko. Arratsalderako ere bi mobilizazio-deialdi egin zituen EH Bizirikek: Donostiako Bulebarrean, 20:00etarako, eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan, 20:30erako. Ordu horretan hasi zen Ertzaintza atxilotuak aske uzten.
"Arabako mendi hauetan makrozentral eoliko baten ezarpenak, ingurune natural aberatsak suntsitzeaz gain, Labraza bezalako herri txiki batentzat inposaketa ankerra dakar", salatu zuten ostiralean Labrazan kateatu ziren ekintzaileek. Eta gaineratu zuten: "Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza, kapitalismo 'berdea' deiturikoaren izenean, denon mendi eta nekazal lur komunalez jabetzen ari dira. Bitartean, instituzioetan ardurak dituzten politikariek men egin dute, eta, gehienez ere, herritarrei negozio txikitzaile honetan parte-hartze ekonomikoa eskaintzera mugatu dira".
"Lurraren zein herritarren nahiaren kontra doazen makroproiektuak gaitzetsi nahi ditugu", seinalatu zuen EH Bizirikek, ekintzaileei babesa emanez. Gogorarazi zuen, gaur-gaurkoz, 330 makroproiektu suntsitzaile daudela mahai gainean Euskal Herrian, eta salatu zuen horien helburua dela "enpresen irabaziak gizentzen jarraitzeko diru-iturri berriak izateaz gain, instituzio eta alderdi politikoen aurpegiak garbitzeko bide" egitea. Labrazako proiektuaren kasuan, zortzi errota eoliko eraiki nahi ditu Aixendar enpresak, eta plan horrek gaitzespen handia sortu du bai herrian bai bertatik kanpo.