AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

La Caixaren eta putre-funts baten jardun espekulatiboa salatu dute Gasteizko Mariturriko bizilagunek

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik, asanblada bat egingo dute urriaren 24an, eta elkarretaratze batera deitu dute azaroaren 6rako.
2026eko urriaren 20 - 08:17
La Caixaren eta putre-funts baten jardun espekulatiboa salatu dute Gasteizko Mariturriko bizilagunek

Gasteizko Mariturri auzoko lau bloketan bizi diren pertsonak Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolaturik daude 2023tik, eta 96 etxe horietako maizterrek urte luzez etxejabeen aldetik jasandako gehiegikeriak salatu dituzte. La Caixa zen jabea lehenik, eta orain Farley, egoitza Madrilen duen inbertsio-funts bat. Abusuzko klausulei, baldintza txarrei, etxebizitzak uzteko presioari, kontratuak berritzeko trabei, balizko etxegabetzeei eta abarri aurre egiteko ari dira borrokan bizilagunak eta sindikatua.


Lehen jabeak: La Caixak espekulatu egiten du "alokairu eskuragarriekin"


Alokairu eskuragarria programaren barruan, La Caixaren Obra Sozialak lau bloke inauguratu zituen 2013an Mariturrin. La Caixa Fundazioak, InmoCaixaren bitartez (CriteriaCaixa finantza-sozietatearen filiala), higiezinen arloko inbertsio-estrategia bati ekin zion, "alokairu eskuragarri" deituriko etxebizitzen formularen bidez, etxebizitzak eskuratzeko eta kudeatzeko. 2008ko krisia baliatuz, banku horrek eta haren inbertsio-sozietateek prezio oso baxuetan erosi zituzten higiezin-sorta handiak, baita lursailak eta eraikin osoak ere. Beren irudia hobetzeko asmoz, azken hamarkadetako finantza- eta higiezin-krisirik larrienean, higiezin horiek "alokairu eskuragarrian" jarri zituzten.


Ondoren, sindikatuak salatu duenez, InmoCaixa hainbat estrategia erabiltzen hasi zen outlet prezioetan eskuratutako higiezinei errentagarritasuna ateratzeko, etxebizitzen prezioen gorakada eta logelaz logelako alokairuen etengabeko garestitzea baliatuz. Gutxi gorabehera 2025ean, higiezin-aktibo horien zati bat inbertsio-funtsei saldu zien, desinbertsio-estrategia baten barruan. Funts horiek hartu zituzten beren gain etxebizitza horien jabetza eta kudeaketa; Mariturriren kasuan, Farley ITG S.L.k.


Bigarren jabea: Farleyk entzungor egiten du eta espekulazio-estrategiari eusten dio


2025ean, bizilagunek modu ez-ofizialean jakin zuten InmoCaixak eta La Caixak lau blokeetako etxebizitza guztiak Farley ITG S.L.ri saldu zizkiotela. Enpresa horren jarduera beste sozietate batzuetako partaidetzak eskuratzea, edukitzea, administratzea eta kudeatzea da; hau da, aktiboak kudeatzeko erabiltzen den enpresa-mota bat da. Horrek adierazten du etxebizitza horien atzean inbertsio-funts bat dagoela. Une horretan jakin zuten Básico Living hasiko zela etxebizitzen kudeaketaz arduratzen, eta ordutik aurrera harekin harremanetan jarri beharko zirela.


Ez zen jabe-aldaketari buruzko komunikazio formalik egon, soilik kontratu guztiek lehengo baldintza beretan jarraituko zutela esan zieten, baina jabea aldatuta; hau da, kontratuak jabe berriari subrogatuko zitzaizkiola.


Errentagarritasuna lortzeko estrategiak


Bi jabeek hainbat estrategia erabili dituzte etxebizitza horiei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko, sindikatuaren esanetan, eta bizilagunek sufritu eta beren poltsikotik ordaintzen dituzte espekulazio-interes horren ondorioak.


Erosteko aukerarekin egindako alokairuen promesa faltsua


La Caixak bete ez zuen lehen akordioa izan zen hasieratik hitzez alokairu-kontratua erosteko aukeradun kontratua zela esan zietela eta gero hori ez dela inola ere horrela izan. 2020tik aurrera, bizilagun batzuk InmoCaixarekin harremanetan jarri ziren ustezko erosketa horri buruzko xehetasun gehiago jakiteko, baina, erantzun iheskorrak baino ez zituzten jaso. Denbora igaro ondoren, La Caixak aitortu zuen ez zuela erosteko aukeradun alokairurik aurreikusten. Bizilagunek merkatuko prezioan erosi behar zituzten etxebizitzak, edo alde egin.


Kontratuak ez berritzea


Jabeek uko egiten diote maizterren alokairu-kontratuak berritzeari etxebizitzak prezio handiagoan berriz saltzeko, edo etekin handiagoa lortzeko logelatan banatzeko asmoa daukatelako. Horrela, aukera bakarra uzten diete bizilagunei: azken urteotan bizi izan diren etxebizitza horiek puztutako prezioetan erostea. Lehen kontratuak 2026ko udan amaitu ziren, eta hurrengoak 2026aren amaiera eta 2027aren hasiera bitartean amaituko dira.


Salmenta gehiegizko prezioetan


"Alokairu eskuragarrien" irudi-garbiketaz baliatu ondoren, etxebizitza horiek merkatu libreko prezio berean edo are garestiago saltzen saiatu ziren. Adibidez, 275.000 euro eskatu izan dituzte etxebizitza baten truke, nahiz eta ezaugarri bereko etxebizitza batek batez beste 230.000 euro balio duen inguru horretan, eta urteko batez besteko errenta 16.392 eurokoa duen (2024ko datuak). "Argi dago horrek oso gutxi duela eskuragarritik", seinalatu du sindikatuak.


Horrez gain, gogorarazi behar dugu espekulatzeko erabiltzen dituzten etxebizitzak, oro har, oso prezio baxuetan erosi zituztela. "La Caixak 'merke erosi, garesti saldu' estrategia jarri zuen martxan. Putre-funtsen ohiko espekulazio-modua da hori, eta Farleyk ere bere egin du", dio sindikatuak.


Etxebizitzen eta eremu komunen baldintza txarrak


La Caixak eta Farleyk beren irabaziak handitu dituzte higiezinen eta instalazioen mantentze-gastuak murriztuz. Blokeetako eremu komunak eta hornidura-instalazioak gaizki zainduta egon dira; ez dituzte matxurak konpondu, edo maizterrei eskatu diete konponketen ardura beren gain hartzeko. Gainera, ezinezkoa da kudeatzaileekin harremanetan jartzea erreklamazioak egiteko. Hainbat bizilagunek hezetasun-arazo larriak dituzte etxeetako hormetan eta sabaietan.


Abusuzko klausulak


Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatutako pertsona guztien kontratuetan abusuzko klausulak ezarri dira, gainera. "Klausula horiek bankuaren edo inbertsio-funtsaren irabaziak handitzen dituzte eta maizterren jarduteko aukera murrizten dute", ohartarazi dute.


Abusuzko klausulen adibide batzuk


Hona hemen maizterrek salatu dituzten abusuzko klausuletako batzuk: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga maizterrek ordaindu behar dute; nominak CaixaBanken helbideratzera behartuta daude; ez-ordaintzeen aurkako aseguru bat ordaintzera behartuta daude; alokairuaren igoera justifikatu gabeak eskatu dizkiete; komunitate-kuotak igo dizkiete, nahiz eta jabeak eremu komunen egoera ez duen zaintzen; etxebizitzaren egiturazko mantenu-gastuak maizterrei egozten zaizkie; etxebizitzaren ohiko erabilerari dagozkion gastuen artean ezkutatzen dira maizterrek ordaindu behar ez lituzketen beste gastu batzuk, hala nola hornidura-instalazioen konponketak; La Caixari etxebizitza nahi duenean ikuskatzeko eskubidea aitortzen zaio, eta abar.


Antolakuntza eta borroka


2023aren amaieran, bizilagun batzuk Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri ziren egoerari aurre egiteko. Momentu horretan eta 2024aren hasieran, bizilagunek eta sindikatuak hainbat protesta-ekintza egin zituzten, hala nola elkarretaratze bat Gasteizko erdigunean eta manifestazio bat Zabalgana-Mariturriko kaleetan barrena.


2025ean, bizilagunekin eta kontsumitzaileen elkarte baten laguntzarekin, aztertutako kontratu guztietan zeuden abusuzko klausulak auzibidera eraman zituzten. Eskariaren helburua da La Caixak 2013tik bloke horietako bizilagunei kobratutako abusuzko klausula guztien zenbatekoa itzultzea, dagozkien interesekin batera, azaldu dutenez.


Aurten, lehen kontratuak amaitzeko eguna hurbildu ahala, Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik jakinarazpen formalak idatzi zituzten, bizilagunek 2026ko martxoko 8/2026 Dekretuan aurreikusitako etxegabetzeen luzapena eskatu ahal izan dezaten. Era berean, dekretu hori gerora epaitegietan ez aplikatzeko arriskua ikusita, hiru urteko nahitaezko luzapena ere eskatu zuten, Gasteiz eremu tentsionatua dela-eta.


Horren aurrean, Básico Living kudeaketa-enpresak luzapena ez aplikatzeko arrazoiak alegatu zituen. Horregatik, bizilagunentzako erantzun bat idatzi zuten berriro sindikatutik, luzapen-eskaeraren oinarriak berretsiz. Orain arte, kudeaketa-enpresak ez dio azken komunikazio horri beste erantzunik eman.


"Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik defendatzen dugu etxebizitzaren arazoa, hain zuzen ere, espekulazioa dela. Hau da, La Caixa bezalako banku bat edo Farley bezalako inbertsio-funts bat ia 100 bizilagunen ezinegona eta soldatak baliatuz aberastu dira, eta orain bizilagunek beren etxebizitzak 'biztanleak barruan egonda' saldu dituztela ikusten dute", jakinarazi dute sindikatutik: "Etxebizitza oinarrizko beharra dela uste dugu, osasuna edo hezkuntza diren bezala, eta, horregatik, pertsona guztiei bermatu beharko litzaiekeela, gutxi batzuen irabazi pribatuaren zerbitzura jarri beharrean. Horregatik, etxebizitza guztiontzat bermatua izan dadin, espekulatzaileen desjabetzea aldarrikatzen dugu, La Caixa bezalako bankuak eta Farley bezalako funtsak diren bezala".


Egungo egoera eta kontratuen amaiera


Gaur egun badakigu gutxienez kontratu bat 2026ko uztailean amaitu zela, eta beste zenbait laster amaituko direla; adibidez, 2026ko abenduan edo 2027ko urtarrilean. Hala ere, kudeaketa-enpresak posta elektronikoz soilik jakinarazi die kontratuak ez berritzeko asmoa duela. Ez da etxegabetze-agindurik eman, eta ez zaie kontratu berri bat negoziatzeko aukerarik eskaini.


"Farleyk badaki dagozkion luzapenak aplikatzeko legezko oinarriak daudela, baina, hala ere, bizilagun askori presioa egiten ari da, etxebizitzak kontratuak amaitzen diren egunetan utz ditzaten. Are gehiago, etxebizitzak uztearen truke 8.000 euro inguruko diru kopuruak eskaintzen ari dira", azaldu du sindikatuak: "Hori gutxi balitz, hutsik geratu diren etxebizitza batzuk logelakako alokairurako erabiltzen hasi dira, erabat neurriz kanpoko prezioetan".


"Une honetan, kontratuen amaierari edo luzapen-eskaeraren ezezkoari buruzko edozein jakinarazpenen zain gaude. Era berean, abusuzko klausulei buruzko epaiaren zain jarraitzen dugu; epaia aldekoa bada, bizilagunek kalte-ordainak jasoko dituzte", gaineratu du.