AKTUALITATEA / Hezkuntza
Klaseetako bero jasangaitzaren aurka, eskolak eten dituzte Bilboko Luis Briñaseko 100 ikaslek
"Beroa iristearekin batera, agerian geratu dira heziguneetan ditugun ikas-baldintza kaskarrak", salatu du Bilboko IASek: "Gaur Luis Briñaseko ikasleok antolatu gara eta klaseak eten ditugu".
2026eko maiatzaren 28 - 12:48
Klaseetako bero jasangaitzaren aurka, eskolak eten dituzte Bilboko Luis Briñaseko 100 ikaslek

Ikasgeletan jasaten ari diren bero jasangaitzaren kontra, eskolak eten eta eserialdi bat egin dute gaur goizean Bilboko (Bizkaia) Luis Briñaseko ikasleek. "Beroa iristearekin batera, agerian geratu dira heziguneetan ditugun ikas-baldintza kaskarrak", seinalatu du Bilboko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS): "Ikasleok 37 eta 40 gradu artean izanda klaseak ematen ditugun bitartean, Hezkuntza Sailak eta Bilboko Udalak elkarri pilota pasatzen diote inolako erantzukizunik hartu gabe. Eta ez da kasu isolatu bat, Bilboko hainbat hezigunetan bizi dugun arazoa baizik: Luis Briñas, Sani BHI, Pagasarribide...".

Hainbat ikastetxetako guraso-elkarteak mobilizazioak antolatzen ari dira arazo hori dela-eta, eta IASek gogorarazi duenez, "hezkuntza-komunitateak urteak daramatza egoera hau salatzen eta Hezkuntza Sailari konponbideak eskatzen". "Gaur, Luis Briñaseko ikasleok antolatu gara eta klaseak eten ditugu. 40 gradurekin ezin dugu klaserik eman, horrek gure osasuna arriskuan jartzen du", salatu dute IASetik. Adibide modura, ohartarazi dute Pagasarribideko ikasle bat ospitaleratu behar izan dutela berriki.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Bilboko Udalari exijitu diete neurriak har ditzatela arazoa konpontzeko. Izan ere, IASek aldarrikatu duenez, "instituzioen utzikeriaren aurrean, antolatzen eta borrokatzen jarraituko" dute ikasleek, eta dei egin dute borrokara batzeko.