AKTUALITATEA / Etxebizitza
Jendea lokal komertzialetan bizitzea bultzatzen ari da Jaurlaritza
Denis Itxasoren sailak bizigarritasun-baldintzak aldatuko ditu "lokalak etxebizitza bihurtzea" errazteko, baina horrek "bizigarritasun-baldintza okerragoak" sustatzen dituela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Denis Itxasok, hilean 7.500 euro baino gehiago kobratzen duenak, auzoko harategi zaharrean bizitzeko eskatzen dizu".
2026eko maiatzaren 11 - 10:11
Jendea lokal komertzialetan bizitzea bultzatzen ari da Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak aldatu egingo du bizigarritasun-baldintzei buruzko dekretua, lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea errazteko. Jaurlaritzak bere web-orrian jaso duenez, EAEn 7.500 bat lokalek beteko lituzkete etxebizitza modura erabiltzeko "baldintza teknikoak", eta gaur egun dauden etxebizitza hutsei erreferentziarik egin gabe, Denis Itxasok (PSOE) gidatutako sailak lehentasun modura markatu du jendea lokal komertzialetan bizi ahal izateko erraztasunak jartzea.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, lokaletan bizitzeak "bizigarritasun-baldintza okerragoak" dakartza berekin, eta "are gehiago ordainduz" gainera. Seinalatzen du, bestalde, "enpresaburu ugari aberastuko" direla merkatu berri honekin, euren lokalekin negozioa egiteko aukera berri bat irekiko baitie dekretua aldatzeak. 

Itxasok sare sozialetan argitaratu du berriki lokalak etxebizitza bihurtzeko neurriari buruzko bideo bat, eta bertan esaten du, etxebizitza-krisiari aurre egiteko, funtsezko esku-hartzeetako bat omen dela lokal komertzialak etxe bilakatzeko "karga burokratikoak murriztea". Sindikatuak ohartarazi duenez, ordea, horrek esan nahi du "bizigarritasun-baldintzak kentzea" eta "gure etxeak zuloak izan daitezen normalizatzea". Bideoan, Itxasok eta berekin ageri den dibulgatzaileak iradokitzen dute "bezero mordoa" dagoela zain lokalei buruzko udal-araudiak aldatu daitezen, baina Etxebizitza Sindikatu Sozialistak argi zehaztu du nor diren zain egon daitezkeen horiek eta zergatik: azaldu du "jabe mordoa" egongo direla esperoan, lokalak etxe bihurtu ahal izateak zabaltzen dien merkatu berrian negozioa egiteko eta aberasteko prest.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/EtxeSindikatua/status/2053426044716134713

Etxebizitza sailburuak aldarrikatzen du bizigarritasunaren inguruko dekretua aldatzeak 7.500 lokal etxe bilakatzea ekar dezakeela, baina sindikatuak agerian utzi du Hego Euskal Herrian soilik 100.000 etxebizitza huts baino gehiago daudela, eta hala ere Jaurlaritzak "lehentasun" modura markatu duela jendea "lokaletan bizitzeko ordaintzen hastea". "Denis Itxasok, hilean 7.500 euro baino gehiago kobratzen duenak, auzoko harategi zaharrean bizitzeko eskatzen dizu", kritikatzen dute sindikatuko kideek.