AKTUALITATEA / Errepresioa
Jazarpen poliziala salatu dute Gasteizko Alde Zaharrean
"Armatu gabe dagoen gazte baten aurka pistola ateratzea normalizatzen uzten badugu, zer gerta daiteke hurrengoetan?", seinalatu dute Gasteizko Gaztetxetik. Manifestazio bat antolatu dute ekainaren 19rako, "eraso polizialei aurre egiteko, kamara berrien ezarpena salatzeko, inposatu nahi diguten kontrol sozialaren aurka borrokatzeko".
2026eko maiatzaren 15 - 07:05
Jazarpen poliziala salatu dute Gasteizko Alde Zaharrean

Atzo arratsaldean, "Kutxipasa zaratatsua" egin zuten Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean, "nahikoa" dela esanez eta "jazarpen poliziala borrokatzera" deituz. Gasteizko Gaztetxeak egin zuen mobilizazio-deialdia, aurreko ostiraleko gertakariak salatzeko: izan ere, bi pertsonaren arteko liskarraren aitzakian, pistora atera eta apuntatu egin zuen kalez jantzitako polizia batek, eta inguruan zegoen jendearen aurka ere oldartu zen Ertzaintza, "kotxearekin harrapatzen saiatuz edota jendea bultzatuz eta mehatxatuz". "Armatu gabe dagoen gazte baten aurka pistola ateratzea normalizatzen uzten badugu, zer gerta daiteke hurrengoetan? Beharrezkoa da hasiera-hasieratik abusu polizial horien aurrean erantzun kolektiboak ematea", gaineratu zuten Gaztetxetik.

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak, oro har, "presentzia itogarria" eta "jarrera oldarkor eta txuloa" dituztela seinalatu zuten: "Langile-klasearen pobretzea gertatzen den aldi berean, udala zein estatua kontrol sozialeko mekanismoak gogortzen ari dira, miseriaren aurka antolatzea geroz eta zailagoa izan dadin". Bereziki nabarmendu zuten, gainera, horren eskutik hedatzen ari den "segurtasunaren diskurtso faltsua", horrekin "jarrera arrazista eta klasistak zabaltzen" ari direla ohartaraziz. "Ezin diegu arnasa hartzen utzi etorkinak nahieran erabiltzen dituzten diskurtso erreakzionarioei, horien aitzakipean gorrotoa zabaldu eta eskubideak murrizteko".

Errekaleorren asteazkenean gertatutakoa eta horren bueltakoa ekarri zuten gogora, hala: "Ez da lehen aldia izan, baina bai egon den saiakera bortitzena. Argia da Polizia, Vox eta Vocento, besteak beste, zertan ari diren. Errelato faltsu bat sortu nahi dute, Errekaleor gune konfliktibo bezala etiketatzeko, eta okupazioaren aurkako ofentsiban sakontzeko". Eta "lotsagarritzat" jo zuten "hori egiteko kalean bizi diren gazteak instrumentalizatzea". "Gorrotoa zabaltzea eta ordena mantentzea, ez zaie beste ezer inporta polizia eta faxista horiei", salatu zuten.

"Ez dugu behar poliziarik", zioten atzo: "Aurreko ostiralean ikusi genuen sekretaren pistolan, eta bart gauean ikusi dugu Errekaleorren aurkako erasoan". Gasteizko Gaztetxetik aldarrikatu zutenez, dena den, "azken egunetako gertakariek balio behar digute nahikoa dela esateko". Atzoko protestaren ostean, hala, beste mobilizazio-deialdi bat egin zuten: manifestazio bat antolatu dute ekainaren 19rako, "eraso polizialei aurre egiteko, kamara berrien ezarpena salatzeko, Inposatu nahi diguten kontrol sozialaren aurka borrokatzeko".