Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Gasteizen egin du agerraldi bat gaurkoan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean, "ikastetxe ugaritan instalatzen ari diren kamerei ezetz esateko, Jaurlaritzaren inposaketak salatzeko eta ikasle langileon interesak bermatuko dituen hezkuntza-sistema baten beharra aldarrikatzeko". Izan ere, IASek seinalatu duenez, "irakasle, guraso eta ikasleon kontrakotasunari muzin egiten" eta kontrol-mekanismoak ezartzen jarraitzen du Jaurlaritzak, "hezkuntza-komunitatearen bizkarrera eta jarrera erabat inposatzailearekin". Kontrakoa badio ere, gobernua eskoletan kamerak eta mikrofonoak ipintzen ari dela jakinarazi du ikasle-antolakundeak, hain zuzen ere.
Ikasleek gogorarazi dutenez, ikasturtean zehar "kameren derrigorrezko instalakuntza atzera botatzea" lortu zuten, hezkuntza-komunitateak neurri horren aurka emandako erantzunari esker. Eta xehatu dute: "Urrian hasi zen Jaurlaritza EAEko hainbat ikastetxetan kamerak jartzen, 75 ikastetxetan, gutxienez. Horren aurrean, ikasle langileok zein hezkuntza-komunitatearen zati handi batek aurkakotasuna adierazita klaustro zein ikasgeletan, eta hainbat borroka abiarazi ondoren, [...] pauso bat atzera eman eta haien instalazioa hautazkoa zela argitu zuen, 37 ikastetxetan behintzat kamerak jartzea bertan behera uztea lortu genuelarik". Orain, ordea, "ikasturtea amaitzear dela eta ikasle askok klaseak amaitu ditugula probestuta", badirudi urratsak egiten ari dela Jaurlaritza azken hiru hilabeteetan: "aldebakartasun osoz", kamerak eta mikrofonoak ezartzen ari da.

Kontrol soziala, negozioa eta opakutasuna
IASek "larritzat" jo du hori, eta hiru arrazoi nabarmendu ditu. Lehenik, ohartarazi du "ikasgela guztietan kamerak eta mikroak instalatzea kontrol soziala" dela eta "kontrol sozialaren normalizazioa bultzatzen" duela. "Ikasleok egiten dugun guztia grabatzeko balio dute kamerek, gu kontrolatuta, otzan eta esaneko mantentzeko", zehaztu du: "Eskubide politikoetan atzerapauso nabarmena da". Gainera, "ikasleon bestelako hainbat eskubide ere urratzen ditu" neurriak, antolakundearen esanetan; "intimitaterako, ohorerako, norberaren irudirako edo datu pertsonalen babeserako dugun eskubidea" kasu.
Bigarrenik, azaldu du "milioika euroko negozioa" dagoela kontrol-gailuen ezarpenaren atzean: "Next Generation funtseko 846 milioi euroko diru partida baten bitartez estatuko 240.000 ikasgelatan jarri nahi dira kamerak. Hezkuntza negozio-iturri gisa erabiltzen ari dira enpresa pribatuen irabaziak handitzeko, eta EAEn ere, Hezkuntza Sailaren 2025-2029ko Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planean barne biltzen den bezala, 270 milioi inguru bideratuko dira digitalizaziora". Hori gutxi balitz, salatu du kameren hainbat hornitzailek harremanak dituztela Israelgo Defentsa eta Barne ministerioekin. Horren adibide da BECHTLE hornitzaile militarra, lotura baitu "Palestinaren okupazioan erabilitako zelatatze-teknologiekin". Eta laburbildu dute ikasleek: "Azpiegitura-arazo nabarmenak ditugun bitartean, hezkuntzaren kalitatea kaskartzen ari den bitartean, ratio ikaragarri altuak ditugun bitartean edo konpetentzien erruz ikasketa-prozesua kaos bat den bitartean, milioika euro Israelekin kolaboratzen duten enpresari gutxi batzuk aberastera eta langileok kontrolatzera bideratzen dituzte".
Hirugarrenik, antolakundeak azpimarratu du "instalakuntza-prozesua ez dela batere gardena izan" eta "inongo argibide publikorik eman gabe burutzen" ari dela. Horrexegatik, kritikatu du, "beste behin" ere, "horrelako erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko aukera ukatu" dietela ikasleei, euren familiei zein irakasleei. "Gure hitzak ez du ezertxo ere balio".
IASen aldarriak
Horiek horrela, kamerak instalatzeari utz diezaiola exijitu dio Jaurlaritzari IASek, eta, orain arte egin bezala, kontrol-mekanismoen aurka borrokan jarraituko duela jakinarazi du: "Datorren ikasturtea kamerak instalatuta hasten badugu, kamerak kentzea lortu arte hainbat borroka martxan jarriko ditugu". Besteren artean, ikastetxez ikastetxe jardungo dute lanean, eta "borroka epaitegietara eramaten" ere saiatuko direla aurreratu dute.
