AKTUALITATEA / Itaia
Itaiak protestak antolatu ditu Arguedasen izandako azken erailketa matxista salatzeko
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hainbat herritan mobilizatuko da gaur nahiz bihar, apiriletik hona izandako hirugarren erailketa matxista gaitzesteko eta indarkeria matxistaren aurka antolatzera deitzeko.
2026eko maiatzaren 19 - 06:18
Itaiak protestak antolatu ditu Arguedasen izandako azken erailketa matxista salatzeko

Atzo eman zuten beste erailketa matxista baten berri Euskal Herrian: Arguedasen (Nafarroa), 44 urteko emakume bat erail du bere bikotekideak. Hilketa salatzeko, protestak egingo ditu Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, gaur zein bihar. Besteak beste, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuko da: Iruñean eta Gasteizen gaur izango dira protestak, 19:30ean Udaletxe Plazan eta 18:30ean Correosen, hurrenez hurren; eta Donostian eta Bilbon biharko antolatu dituzte mobilizazioak, 19:30ean Bulebarrean eta 19:00etan Areatzan.

Emakumeen aurkako indarkeria etengabe larriagotzen ari dela salatu du Itaiak: "Lehen seihilekoa amaitu aurretik, eraildako emakume kopurua, Euskal Herrian, iazkoa halako bi da ia-ia". Horri lotuta, ezinbestekotzat hartu du "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei" urgentziaz aurre egitea, "indarkeria matxistaren normalizazioa dakarrelako eta, ondorioz, emakumeen aurka egiteko erasotzaileen inpunitatea areagotzen duelako". Hala, Nafarroan izandako azken erailketa matxistaren kontra ere kaleak hartzera deitu du, "indarkeria matxista jasaten duten emakumeak defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatzeko, eta eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzuteko".