Basauriko (Bizkaia) espetxean, isolamendu-erregimenean mantentzen dute Oskar Barreras preso politikoa. Senide baten esanetan, aurreko asteartean bakartu zuten: zeldako baldintzak okerragotu nahi dizkiete berari eta beste preso bati (Barrerasen kasuan, ziega partekatzera behartuz), eta horri uko egin zionean sartu zuten isolamenduan.
Tinko antolakundeak atzo jakinarazi zuen bakartze-moduluan jarraitzen duela Oskarrek, izan ere, bertatik ateratzeko asmoa erakutsi zuten kartzelazainek, baina ziega partekatzera derrigortuz oraingoan ere. Barrerasek, ordea, zeldan bakarrik egoteko eskubidea aldarrikatu zuen berriz, eta horren ondorioz, isolamenduan mantentzen dute oraindik.
Tinkok berak salatu duenez, gainpopulatuta dago Basauriko kartzela, eta bertako baldintza gogorrez ohartarazi dute hainbatetan: funtzionario oldarkorrak, jipoiak, miaketak... Azken urteetan, hiru aldiz bakartu dute Barreras, 2025eko martxoan kasu.