Bidasoko Itaiak eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Irungo (Gipuzkoa) Udalaren jazarpen ekonomikoa salatu dute. Izan ere, hainbat isun iritsi zaizkie militanteei PSE-EE buru duen udalaren partetik; bai margoketa matxistak tapatzeagatik, bai pegatinak erabiltzeagatik.
Joan den azaroan, gizon batek pintaketa matxista ugari egin zituen Irunen barrena, eta horien bidez emakumeekiko gorrotoa zabaldu zuen. Hasiera batean, udalak hitzez margoketa horiek ezabatuko zituela adierazi bazuen ere, horietako asko eta asko ez zituen kendu. Hori horrela, Bidasoko Itaiako kideek margoketak ezabatzeari ekin zieten. Alabaina, lanean ari zirela, udaltzainek militanteak identifikatu zituzten, eta 3.000 eurotik gorako isunak heldu zaizkie orain. Pintaketa horietan, "Hombres idiotizados, que dijesen que sí a todos los comportamientos psicopáticos de su mujer, también colaboran con la psicopatía femenina", "No al feminazismo", edo "Hijas de puta, psicopatía feminazi" idatzi zuen gizon hark. Gainera, militanteen aurkako salaketa jarri zuen udalak hasiera batean, bide penaletik, baina atzera bota du. Hori gutxi ez eta Poliziak, azken hilabeteotan, telefonoz hainbat kide jazarri ditu.

Denbora da Irungo Udalak propaganda politikoa etengabe ezabatzen duela. Hain zuzen, udal-ordenantzek hala jasotzen dute, eta bide beretik heldu dira isun gehiago: 780 euroko bi isun jarri ditu udalak, pegatina bat jarri izanagatik.

Udalaren hipokrisia eta zentsuraren aurkako borroka
Bi antolakundeetako kideek udalaren hipokrisia eta zentsura salatu dituzte sare sozialetan argitaratutako adierazpenean. Hala, alde batetik, udalak pintaketa matxistak "gaitzesteko" komunikatua argitaratu bazuen ere, ardura bere gain hartu duten militanteak erreprimitu dituela adierazi dute. Bestalde, udalak espazio publikoa "denona" dela badio ere, kideek argitu dute egiaz "propaganda instituzionala eta ordaindutako publizitatea besterik ez dela onartzen. Dirurik gabe, ez dago aukerarik kalean ezer adierazteko". Haatik, nabarmendu dute kaleak behar-beharrezkoak direla aldarri politikoak zabaltzeko, langile-klasearen alde egiteko, baita matxismoari zein mezu erreakzionarioei aurre egiteko ere: "Ezinbestekoa zaigu kalean politika egiteko eta borrokatzeko baldintzak bermatzea".
Ondorioz, Bidasoko Itaiak eta GKSk bi eskaera egin dizkiote Irungo Udalari. Batetik, zigortutako pertsonei isunak kentzea. Bestetik, propaganda politikoari lotutako udal-ordenantza aldatzea: lan militantearen despenalizazio osoa galdegin dute, baita adierazpen-askatasuna bermatzeko exijitu ere.