AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Iruñeko Udala 24 orduan: etxegabetzeak eta erailketa matxista baten aurrean "zuhurtzia" eskatzea
Zer da EH Bilduren udalak Aranzadin etxegabetutako pertsonei eskaini diena? Eta zer adierazi du Sanduzelain asteburuan izandako erailketa matxistaren inguruan?
2026eko apirilaren 14 - 07:20
Iruñeko Udala 24 orduan: etxegabetzeak eta erailketa matxista baten aurrean "zuhurtzia" eskatzea
— ARGAZKIA Negu Gorriak-en bidez

Polemika artean hasi du astea Iruñeko Udalak (EH Bildu). Atzo, goizean goiz, Aranzadiko komentu zaharrean bizi ziren pertsonak etxegabetu zituen udalak, operazio polizial baten bidez: Negu Gorriak dinamikak seinalatu du 100 pertsona inguru kanporatu zituztela euren bizitokitik, gehienak etxerik gabeko gazte migranteak.

"Kaltetutako pertsonetako batzuek baieztatu digute mahai gainean jarri dieten bakarra izan dela Iruñea uzteko autobus-txartel bat", zioten Negu Gorriakeko kideek atzo. Pasaportea konfiskatzea, poliziek komentura euren gauzen bila sartzen ez uztea eta atxiloketak ere jasan behar izan zituzten kaltetuek desalojo-prozesuan. Udalak dio "berrurbanizaziorako" obrak egin ahal izateko hustu zuela espazioa (atzo bertan sartu zituen hainbat hondeamakin espaziora); Negu Gorriakek adierazi du, ordea, ez dela kasualitatea apirilaren 18rako hainbat kolektibok komentuan antolatutako auzolanaren aurretik gauzatu izana desalojoa. 

Zein dira Iruñeko Udalak eskainitako alternatibak? Sakabanaketa, hiru egunerako egonaldiak eta logelak ordaintzeko gonbita

Besteak beste Donostiako Udalak (EAJ) etxegabetze masiboak gauzatu dituenean egin bezala, Iruñeko Udalak hasieratik nabarmendu nahi izan du "alternatibak" eskaini dizkiela Aranzadin kaleratutako pertsonei. Udalak esanak nabarmendu zituzten Noticias de Navarra-k, Ahotsa-k eta beste zenbait hedabidek: udal-iturriek zioten 51 pertsona "birkokatuko" zituztela larrialdi-baliabideetan, alegia, zortzi lagun eraman zituzten Iruñeko udal-aterpetxera (gehienez hiru egunez egon ahal izango dira bertan), hamar beste udalerri batzuetako aterpetxeetara, eta beste 33 hoteletara eta ostatuetara, gehienez hiru egunerako haiek ere. Gainera, beste udalerri batzuetan erroldatuta dauden bost pertsona herri horietako gizarte-zerbitzuetara bideratu zituzten.

Hori gutxi balitz, udal-iturriek azaldu zuten Errenta Bermatua dirulaguntza modura jasotzen duten hiru pertsona daudela etxegabetutako pertsonen artean. Haiei, zuzenean, alokairuko logelak ordaintzeko gonbidapena egin zien udalak: Noticias de Navarra-ren arabera, partekatutako etxebizitzetan eskuragarri dauden logelen zerrenda bat eman zien. Besterik ez. Iruñeko Udalak, beste hainbat herritako udalek egin bezala, "baliabide falta" argudiatu du. ETXE BAT programaren itxaron-zerrendan 40 pertsona omen daude zain, eta 300 inguru emergentzia-pisuetara joateko zerrendan.

Atzo, euren bizitokitik kanporatuak izan ostean, udaletxe aurrera eta Alde Zaharreko udal-bulegoetara bertaratu ziren hainbat eta hainbat pertsona, euren gauzak zabor-poltsetan zituztela. Batzuek zauriak eragin zizkieten euren buruari, protesta modura. Hainbatek adierazi zuten ez zekitela gaua non igaroko zuten, bizitoki-alternatiba errealen falta agerian utziz. Udalak eta hainbat komunikabidek aldarrikatu dute zentro soziosanitario bat irekiko dutela komentu zaharra dagoen lekuan.

PCH udal-enpresak beste pertsona bat etxegabetu nahi du bihar

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo bertan jakinarazi zuenez, gainera, Pamlona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen (PCH) udal-enpresak beste pertsona bat etxegabetu nahi du bihar, asteazkena. Indarkeria matxista jasandako emakume bat da, zaurgarritasun-egoera aitortuan dagoena. Bi urtez baino gehiagoz bizi izan da Alde Zaharreko pisu batean. PCHren jabetzakoa da hura, eta horregatik, biharko ezarrita dagoen etxe-kaleratzearen atzean ere Iruñeko Udala dagoela salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Bihar, 08:00etan Descalzos kaleko 44. zenbakira bertaratzera deitu du, desalojoari kontra egiteko.

Erailketa matxista Sanduzelain: "zuhurtzia" eskatu du udalak

Bestalde, asteburuan ere izan dira albiste gogorrak Iruñean: igande goizaldean, Sanduzelain, gizon batengandik ihesi ari zen emakume bat hil zen eraikin bateko terrazatik erorita. Hainbat informaziok diote labana bat zeramala erasotzaileak, eta urruntze-agindu bat zuen biktimarekiko. Bada, udaltzaingoak gizona atxilo dauka oraindik, baina zoritxarreko adierazpenak egin zituen atzo udalak gertakarien inguruan: "zuhurtzia" eskatu zuen, "ikerketako oinarrizko elementuak argitu arte".