Fernando Grande-Marlaskaren hitzetan, "zirkunstantziekiko egokia eta proportzionala" izan zen Espainiako Poliziak aurreko astean Iruñean (Nafarroa) egindako sarekada. Ez hori bakarrik: operazio poliziala "eredugarritzat" jo zuen Senatuan izandako kontrol-saioan, gaiaren inguruan galdetu ziotenean.
Espainiako Barne ministroak berretsi zuen urriaren 30ean Nafarroako Unibertsitatean eta inguruan izandako gertakariei lotuta izan zirela atxiloketak, eta iritzi zion "istilu larriak" gertatu zirela egun horretan. "Zaurituak egon ziren: lau polizia, kazetari bat eta beste herritar bat. Horrelako protestek ez dute ezein eskubideren babesik", adierazi zuen Grande-Marlaskak. Antifaxisten aurkako sarekada erreibindikatzearekin batera, zortzi hilabete beranduago jazo izana ere justifikatu zuen: "Identifikatu egin behar dira istiluetan parte hartu dutenak, eta ondo identifikatu, betiere epaile baten agindupean".
Duela astebete, ekainaren 3an, 28 pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñerrian, iaz Vito Quiles agitatzaile faxistaren aurka protesta egiteagatik. Haietatik hamabik, gainera, komisarian igaro behar izan zuten gaua. "Desordena publikoak" eragitea leporatzen diete denei, eta batzuei, baita "agintaritzari eraso" egitea ere. Aurrez ere atxilotu dituzte hainbat pertsona Quilesen kontrako mobilizazio antifaxistagatik, bai otsailean bai iazko azaroan.