AKTUALITATEA / Errepresioa
Iraultza 1921 taldea kriminalizatzen jarraitzen du Zupiriak
"Ordena publikoko arazoak" eragitea leporatu dio taldeari, Ertzaintzak alaveszaleen aurka egindako azken interbentzio bortitza justifikatzeko.
2026eko ekainaren 1 - 07:57
Iraultza 1921 taldea kriminalizatzen jarraitzen du Zupiriak

Iraultza 1921 alaveszaleen taldea jomugan dauka Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Ertzaintzak maiatzaren 23an kargatu zuen Alaveseko zaleen kontra, ehunka pertsona futbol-taldeari harrera egiten ari zirenean Gasteizko kaleetan, eta Poliziaren esku-hartze biolento hori justifikatzeko, Iraultza 1921 taldearengan ipini du fokua Zupiriak. 

"Ertzaintzak klubarekin adostutako dispositibo bat jarri zuen abian, familiak lasai joan zitezen giroaz gozatzera, eta betikoek egoera bat sortu zuten zeinaren aurrean Ertzaintzak bere presentzia eta jarduera indartu behar izan zituen", esan du Zupiriak berriki. Horiek horrela, "ordena publikoko arazoak" eragitea egotzi dio Iraultzari: maiatzaren 23ko gertakariei dagokienez, zehazki, "debekatutako" bengalak piztea leporatu die taldeko kideei, eta hori hartu du aitzakiatzat sailburuak, Ertzaintzaren kargak azaltzeko.

Iraultza 1921ek salatu du gezurretan ari dela Zupiria, eta aurreko asteko gertakariak erakusten dituzten irudiak eta frogak biltzen jarraitzen du. Kargak gertatu eta hurrengo egunean, maiatzaren 24an, kontzentrazio jendetsu bat egin zuten alaveszale talde ugarik, Gasteizko Foru Plazan: batasuna aldarrikatu zuten errepresioaren kontra, eta adierazi zuten ez dutela "onartuko Poliziaren indarkeria normalizatzea, ezta gure zaleen aurkako jazarpenik ere".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Iraultza1921/status/2060430731365454111