AKTUALITATEA / Errepresioa
Berangokoen aurkako epaiketaren lehen eguna
Hamasei lagun epaituko dituzte hilabete honetan zehar, Ibai Aginaga preso politikoari 2022an egindako ongietorriagatik. 36 urtetik gorako kartzela-zigorrak daude mahai gainean.
2026eko ekainaren 8 - 08:00
Berangokoen aurkako epaiketaren lehen eguna

Gaur hasiko da Berangoko ongietorriaren kausan auzipetutako hamasei lagunen aurkako epaiketa. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte ekainean zehar, 2022an, Ibai Aginaga preso politikoari Berangon egindako ongietorriaren harira; Aginaga bera ere auzipetuen artean da. Zigor ikaragarri altuak galdegiten dituzte haientzat, "terrorismoari gorazarre egitea" egotzita: 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioak eta 75.900 euroko isunak, denera.

Auziak zalaparta sortu du Euskal Herrian, eta Madrilen ere nabari da gaur: 09:30erako, dozenaka pertsona elkarretaratu dira Auzitegi Nazionalaren parean, Berangokoekin elkartasunez. Auzipetuak ere protestara batu dira. 10:00ak jo aurretik, baina, epaitegira sartu dira, orduan baitzen hastekoa judizioaren lehenengo saioa.

Hiru akusazio daude epaiketan: Villacisneros Fundazioa, Dignidad y Justicia elkartea, eta Vox alderdia.