Guardia Zibileko agente batek bere emaztea eta semea erail zituen aurreko larunbatean Dolores udalerrian (Alacant), suzko arma batekin bere buruaz beste egin aurretik. 51 urte zituen andreak eta 20 semeak. Guardia Zibilaren Komandantziako iturriek baieztatu dutenez, hiru gorpuak larunbat goizean aurkitu zituzten herriko Postu Nagusiko etxebizitza batean, familia bizi zen lekuan hain justu. Zauriak zituzten bala-inpaktuen ondorioz, erasotzaileak bere buruari egindako tiroa barne, senideak Guardia Zibilaren etxebizitza ofizial batean erail ondoren.
Krimen bikoitza indarkeria matxista eta bikario kasu gisa hartu dute ikerketan. Horren harira Pilar Bernabek, Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkariak, berretsi du hilketen egilea ez zegoela erregistratuta Genero-indarkeriaren kasuetarako Jarraipen Integraleko Sisteman (VioGen); ez bikotekide honi zegokionez, ez aurreko harremanen bati zegokionez. Beraz, ez zegoen agenteari buruzko alerta aktiborik.
Gorpuak eraman eta krimena gertatu zen lekuan zegokion ikuskapena egin ondoren, Espainiako Gobernuaren ordezkariak azaldu du prozesu judizialak bere bideari jarraitzen diola.