Skip to Content
AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea

Greba orokorra Ipar Euskal Herrian: milaka lagun mobilizatu dira bizitzaren garestitzea eta autoritarismoa salatzeko

Baionan, ikasle-mugimenduaren eta sindikatuen mobilizazio jendetsu bat izan da berriz. Gutxienez hiru ikasle atxilotu dituzte goizean.
2026eko azaroaren 5 - 16:38
Greba orokorra Ipar Euskal Herrian: milaka lagun mobilizatu dira bizitzaren garestitzea eta autoritarismoa salatzeko

AKTUALITATEA

Greba-eguna da gaur Frantziako Estatuan, langileriaren pobretzearen aurka. Beste behin ere, indarrak batu dituzte ikasle-mugimenduak, Jaka Horien mugimenduak eta sindikatuek, eta 250 manifestazio baino gehiago antolatu dituzte estatu mailan egun osorako. Ipar Euskal Herrian ere kaleak hartu dituzte berriz: Baionan (Lapurdi), milaka lagun mobilizatu dira autoritarismoari, prezioen igoerari eta pobretzeari ezetz esateko.


Lehen orduan, Baionako Unibertsitaterako sarbideak blokeatu ditu ikasle-mugimenduak, grebara batzera deituz. Errektoreordetzak e-mail bidez jakinarazi du klaseak bertan behera geratuko zirela. Goizeko blokeatzeetan, Cassin lizeoko hiru ikasle atxilotu dituzte polizia-indarrek; eta Bernart Etxepareko ikasleek, gainera, protesta egin dute gaur Baionako komisariaren parean, salatzeko beste ikasle adingabe bat atxilo hartu duela berriki Poliziak, azken asteetan izandako mobilizazioei lotuta.


10:00etan, Baionako Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) deituta, ikasle-bloke bati ekin diote Plaza Berdetik, Kapitalismoa suntsitu, iraultzara batu lelopean. Greba-eguneko mobilizazio orokorrera batu dira tren-geltokiaren aurrean.


10:30erako zegoen egina manifestaldi orokorrerako deia, eta, ordurako, milaka eta milaka pertsona bildu dira bertan, ikasle-mugimenduak eta sindikatuak barne. Hiriguneko kaleetan barrena zabaldu dituzte bizitzaren garestitzearen eta estatu-autoritarismoaren aurkako aldarriak: FSU, CGT, CFDT, FO, Unsa, Solidaires eta LAB sindikatuek blokeak osatu dituzte, eta Mugimendu Sozialistaren bloke bat ere izan da bertan.


Gobernu-egoitzen aitzinean mobilizatzeko debekua beste egun batez


Azken hilabeteetan izaten ari diren mobilizazio masiboak itotzeko, askotariko neurri autoritarioak ezarri dituzte Frantziako Estatuko agintaritzek: besteak beste, egoitza instituzionalen aurrean protesta egitea debekatu dute tokian tokiko prefekturek. Baionan ere debeku hori dago indarrean prefekturaren eskutik. Horiek horrela, gaurkoan, prefektura-ordetzara iritsi aurretik eman dute bukatutzat manifestaldia hainbat sindikatuk.


Ehunka manifestarik, dena den, prefekturaren debekuari aurre egin eta prefektura-ordetzara eta Herriko Etxera hurbildu dira, protestari jarraipena emanez. Aurreko asteetan hamaika aldiz kargatu eta dozenaka lagun atxilotu ondotik, dena den, gaurkoan ez da oldartu Polizia.


Frantziako Gobernuaren murrizketa gehiago?


2027ko aurrekontu orokorren inguruko eztabaidari heldu dio jada Frantziako Gobernuak, eta hainbat iturrik aurreikusten dute sektore publikora bideratutako baliabideak murriztuko dituztela berriz ere: murrizketa 43 milioi eurorainokoa izan daitekeela uste dute. Horiek horrela, beste egun batez, milaka eta milaka pertsona ari dira manifestatzen estatu osoan langile-klasearen pobretzearen aurka, urriaren 17ko, 24ko eta 31ko ekinaldien ondoren eta hainbat hilabetez luzatu diren ikasle-protesta jendetsuen ondoren.