Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazio-deialdi bat dauka egina datorren ekainaren 13rako, Beasainen (Gipuzkoa): egun horretan egingo dute CAF enpresako Akziodunen Batzar Nagusia, eta horren harira, kaleak hartzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak; "CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzeko, [akziodunen bileran] banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikusarazteko eta, Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dugula aldarrikatzeko". Izan ere, gogorarazi du "genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasunak ez daukala etenik Euskal Herriko enpresari askoren kontuetan", eta CAF dela horietako bat. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa Beasaingo plaza nagusitik.
Ekainaren 13ko bileran, CAFeko arduradunek "urtez urte gora doazen etekin kriminalak akziodunen artean banatuko" dituztela eta "enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emango" dituztela azaldu du plataformak. "Jakina da CAF enpresak Shapir enpresa israeldarrarekin batera negozioak egiten dituela, eta Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak dituela", azpimarratu du. Goierriko konpainiak, hain zuzen ere, "estatu genozidaren kolonizazio-proiektua egonkortzen laguntzen" duela salatu du berriz Palestinarekin Elkartasunak; "Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen dituelako, Israel azpiegitura iraunkorrez hornitzen duelako, eta (bereziki) palestinar lurren okupazioari behin betikotasun bermea ematen diolako, kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemgo hirigunearekin lotuz, eta palestinarrak isolatuz". Nazio Batuen Erakundeak berak CAF sartu du okupazio sionista laguntzen duten enpresen erregistroan, eta hainbat taldek salaketa bat aurkeztu dute enpresaren eta bere zuzendari nagusi Andres Arizkorretaren aurka.
"CAFen negozioaren zati bat mantendu ahal izateko, palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dute. Argi eta garbi esan dezagun: Israel CAFen ere hasten da. Apartheida CAFen ere hasten da. Genozidioa CAFen ere hasten da", ohartarazi du Palestinarekin Elkartasunak. Oroitarazi du, gainera, Jaurlaritzaren sostengua duela euskal enpresa horrek: "Finkatuz funtsaren bidez, CAFen akzioen %3 du [Jaurlaritzak], eta administrazioko langileentzako Itzarri pentsio-funtsak 4,5 milioi euroko inbertsioa du bertan". Beraz, EAEko gobernua ere erantzuletzat jo du plataformak.
Ekintza-aste globala ekainaren 6tik 13ra
BDZ mugimenduak "ekintza-aste global" batera deitu du ekainaren 6tik 13ra bitartean, eta ekimen ugari izango dira CAF jomugan ipiniz, besteak beste. Euskal Herrian bertan, hainbat deialdi egin dituzte: ekainaren 4an eta 12an Zornotzako (Bizkaia) AIC ikerketa-gunean, ekainaren 6an Irunen (Gipuzkoa), eta ekainaren 10ean Castejonen (Nafarroa), CAFen filiala den Trenasan.