AKTUALITATEA / Euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak
"Gaztetxeak ez dira espazio hutsak, bizirik daude eta horrela mantenduko ditugu"
Ehunka lagunek hartu zituzten atzo Elorrioko kaleak, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketen barruan. Gaztetxeen alde, horien aurkako ofentsibari aurre egitera deitu zuten, "antolatzeko eta borrokatzeko" espazioak direla aldarrikatuz.
2026eko maiatzaren 31 - 07:33
"Gaztetxeak ez dira espazio hutsak, bizirik daude eta horrela mantenduko ditugu"

Atzoko egunak sekulako irudiak utzi zituen Elorrion (Bizkaia). Ostiralean hasi ziren Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak, eta atzokoa izan zen egunik handiena. Topaketetan elkartutako ehunka gazteek hausnarketa kolektibo bati heldu zioten goizean, "garaiaz, gazteon antolakuntzaz eta gaztetxe-mugimenduaren erronkez" elkarrekin gogoeta egiteko. Antolatzaileek ostiralean azaldu zuten Euskal Herriko 100 asanblada inguru batu direla topaketetara, Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen arteko sarea indartuz.

Bazkaria, La Ruina saio bat eta kantaldi bat izan ziren goizeko hausnarketa-saioaren ondoren, eta arratsaldeko 19:00etan Elorrioko plazatik abiatuta, manifestazio bat egin zuten gero. Argia zen mobilizazioko mezua: "Antolatzeko eta borrokatzeko, Gaztetxeak aurrera" zioen gazteek zeramaten pankartak. Gazte-belaunaldi berri batek Gaztetxeen aldeko borrokan jarraituko duela adierazi nahi izan zuten manifestariek, baita Gaztetxeen aurkako ofentsibari aurre egitera deitu ere.

"Hilabeteak daramatzagu elkartzen, antolatzen eta, txikitik, baina garrantzia izango duten topaketa hauek eraikitzen. Hasieratik asmoa argia zen: Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanblada guztiak batu eta garaiak ekartzen dizkigun erronkez hausnartu eta borrokan aurrerapausoak ematea", ekarri zuten gogora mobilizazioaren amaieran. Ondorioztatu zuten prestaketa-prozesuak berak "ekarpen handia" egin duela jada: "parte-hartzea izugarria" izan dela, harremanak indartu nahiz berriak sortu direla, eta horren guztiaren eraginez, azken hilabeteetan hainbat Gaztetxetan izandako borrokak eta gatazkak "guztiok gure azalean bizi" izan ditugula azpimarratu zuten.

Eskubide zubil eta politikoen ezabapena: Gaztetxeen aurkako ofentsiba

Gaurko testuinguruak ikaragarri kezkatzen dituela azaldu zuten gazteek, "faxismoa, erreakzioa, matxismoaren gorakada, bizi-baldintzen okertzea, autoritarismoaren gorakada, euskararen aurkako oldarraldia" eta beste nabarmenduz; baina "horren guztiaren aurrean lehen lerroan dagoen gazte-belaunaldi bat zein herri-mugimendu bat" badirela aldarrikatu zuten. "Euskal Herriko kaleetan borroka bizirik dagoela erakutsi da. [...]. Alderdikeria eta elektoralismotik kanpo, kaleetan borroka bizirik mantentzen jarraitu behar dugu".

Garaiko egoerari buruzko irakurketarekin jarraituz, antolatzaileek seinalatu zuten "eskubide zibil eta politikoen ezabapenak baduela bere isla Gaztetxeetan ere". Eta xehatu zuten: "Azken bost urteetan hamabost Gaztetxe desalojatu dira, 250 identifikatutik gora egon dira, 50.000 eurotik gorako zigorrak, 30 epaiketa eta guztira 20 Gaztetxe egon dira inplikatuta beraien defentsako borroketan. Oinarrizko eskubide guztiak urratu dira, desalojo ilegalak gauzatu, edota doako justizia kendu. Eta gatazka horiek guztiak Euskal Herriko txoko guztietan egon dira presente; Zestoan, Irunen, Azkoitian, Eibarren, Donostian, Errekalden (Bilbo), Durangon, Zornotzako Matrailun, Igorreko Kiñun, Portugaleteko Sastrakan, Galdakaon, Laudion, Eibarren, Mungian, Errotxapean, Txantrean, Burlatan (Iruñerria), Lizarran edota Hazparneko Ttattolan".

Hamazazpi Gaztetxe berri bost urtean

Horri guztiari parez pare jarri zioten, dena den, "Gaztetxeen aldeko borrokaren indar eta determinazioa" agerian geratu izana aldi berean: bost urtean, "hamazazpi Gaztetxe berriro okupatu dira eta hamaika proiektu eta iniziatiba berriri bizitza eman zaie". Eta gaineratu zuten: "Gazteok gure eskubide politikoak borrokatzeko prest gaude, ehunka gazte inguratu gara azken hilabeteotan izan diren borroka-prozesuetara; ezinegon politikoa bizirik dago gugan, formatzeko nahiarekin eta borrokarako grinez gaude".

Antolatzeko eta borrokatzeko espazioak

Manifestazioan, balioan jarri zuten Gaztetxeen eginkizun politikoa: "Zertarako behar ditugu Gaztetxeak antolatzeko eta borrokatzeko ez bada? Balore askatzailetan oinarritutako proiektuak dira. Matxismoa, arrazakeria eta jarrera zapaltzaile eta diskriminatzaile ororen aurka borrokatzen ikasten dugu bertan. Zapaltzen gaituen sistema jopuntuan jartzen, kapitalismoaren aurkako borroka eraikitzen. Kezka politikoak elkarbanatzeko eta eztabaidatzeko espazioak dira, indibidualtasunetik irten eta gazteok antolatzeko, bai eta antolakuntzaren garrantziaz jabetzeko ezinbestekoak. Borrokarako grina piztu eta borondate iraultzailea hauspotzeko espazioak. Merkatuaren hatzaparretatik kanpo, kultur-eredu alternatibo bat sortzeko eta eskaintzeko guneak. Gaztetxeak ez dira espazio hutsak, bizirik daude eta horrela mantenduko ditugu".

Aurrera begirako mezu indartsu bat eman zuten, gainera, mobilizazioaren amaieran: lanean jarraitzera deitu zuten. "Egun hauetan egindako topaketek indarrak hartzeko balio behar digute, albokoen esperientziak batuta eta gureak elkarbanatuta, herriz herri eta auzoz auzo ekiten jarraitzeko unea da orain. Oraindik ere asko dugu egiteko, ateak daude bultzatzeko, gazteak antolatzeko eta garaiak exijitzen duenaren aurrean kontzientziak pizteko".