AKTUALITATEA / Errepresioa
Gazte bati pistolarekin apuntatuz egin dio mehatxu polizia batek, Gasteizko Alde Zaharrean
Ertzainak eta udaltzainak oldartu egin ziren ostiral gauean, bi pertsonaren artean izandako liskarra aitzakiatzat hartuta. Pistola atera eta apuntatu egin zuen kalez jantzitako agente batek.
2026eko maiatzaren 11 - 06:30
Gazte bati pistolarekin apuntatuz egin dio mehatxu polizia batek, Gasteizko Alde Zaharrean

Polizia-indarren esku-hartze ikaragarri bortitz bat izan zen ostiral gauean Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean. Kutxi kalean bi pertsonaren artean izaten ari zen liskarra zela-eta, tartean sartu eta interbenitu egin zuten kalez jantzitako bi poliziak: lekuko batek Hala Bedi-ri jakinarazi dionez, modu oso biolentoan sartu ziren. Eztabaidan ari ziren bi pertsonak bereizi zituzten sekretek, baina momentu horretan esku hartu zuen beste agente batek, pistola batez baliatuta.

Hainbat bideotan ikusten denez, tartean sartu zen hirugarren agente horrek pistola atera zuen kalearen erdian eta bertan jende ugari zegoela. Gazte bat mehatxatu zuen armarekin, zuzenean bera apuntatuz. Pertsona horrek eskuak altxaturik zituen eta lasai ikusten zen une horretan, bideoek erakusten duten modura.

Bertan zegoen jendea poliziengana zuzendu zen, interbentzio poliziala zela-eta kexatuz, eta pistola atera zuen agenteari hura gorde zezala eskatuz. Ertzain gehiago agertu ziren orduan: eskuburdinak jarri zizkieten liskarra izan zuten bi gazteei, eta Burullerias aldera eraman zituzten.

Poliziaren biolentziagatik kexatu zen jendearen kontra ere oldartu ziren ertzainak. Gertakariak grabatzen ari ziren pertsonen aurka jo zuten agenteek, eta bultza egin zioten haietako bati. Hori gutxi balitz, Gasteizko Gaztetxeak zabaldutako bideoan azaltzen denez, jendea autoarekin harrapatzen ere saiatu ziren poliziak.

"Abusu polizial eta arrazista" salatu du Gasteizko Gaztetxeak: "Isilik geratuko garela uste baduzue, oker zaudete".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2053726264125477230