AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Gasteizko etxegabetzearen harira PSOE-EAJk eta 'El Correo'-k zabaldutako "buloak" salatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Aurreko ostiralean etxegabetu zuten familiari eta ustezko "alternatibei" buruzko gezurrak argitaratu dituzte Gasteizko Udalak eta komunikabideek, eta etxegabetzea gauzatzeko erabilitako biolentzia polizialaren dimentsioa lausotu dute, sindikatuak seinalatu duenez. "Horrelako dispositibo batek eta horrelako jarduketa batek Eusko Jaurlaritzaren azalpenak eskatzen ditu", gaineratu du.
2026eko urriaren 25 - 19:34
Gasteizko etxegabetzearen harira PSOE-EAJk eta 'El Correo'-k zabaldutako "buloak" salatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

AKTUALITATEA

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak aurreko ostiralean etxegabetu zuten sei adingabe dituen familia bat Sansomendin, eta izugarrizko bortizkeriarekin egin zuten gainera: etxe-kaleratzearen aurka protesta egiten ari ziren pertsonen aurka dozena bat aldiz kargatu zuten polizia-indarrek, ia 100 lagun zaurituz. Udalaren (PSOE-EAJ) eta hainbat komunikabideren aldetik, ordea, familiaren eta manifestarien kontrako "kriminalizazio eta difamazio kanpaina" handi bat jarri dute martxan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez: horren helburua da, antolakundearen esanetan, "gertatutakoari buruzko ulermen klasista eta arrazista sortzea" eta, fokua mugituz, etxegabetzearen erantzuleen "erantzukizun instituzionalak ezkutatzea". Horri erantzuteko, beraz, bolo-bolo ikusi diren bulo batzuk gezurtatu ditu sindikatuak.

Gizarte-zerbitzuek eskainitako alternatiba: pisu turistikoak eta literak

Beste hainbat udalerritan gertatu izan den modura, Gasteizko Udalak esan du familiak "bizitoki-alternatiba bati uko egin" ziola. Sindikatuak argitu duenez, baina, "ez da inoiz egon bizitoki-alternatibarik". "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek alokairuko etxebizitzen zerrenda bat baino ez dute eskaini, gehienak pisu turistikoak, eta familiak deitu behar zuen horietara, merkatu librean alokairua aurkitzen saiatzeko. Hala egin zuten, bat ere emaitzarik gabe".

Hori gutxi balitz, etxegabetzea izan baino egun bat lehenago, ostegunean, miseriazko aukera bat eskaini zioten familiari: udal-aterpetxera joatea, nahiz eta aitortzen duten hori ez dela adin txikikoentzako alternatiba bat. Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide bat da hori, 20:00etatik 08:00etara soilik dagoena erabilgarri, eta partekatutako literak eta logelak dituena. Dena den, ostiralean, Poliziak euren etxetik bota zituenean, aterpetxearen aukera onartu behar izan zuen familiak. "Etxegabetzea ez da gauzatu familiak bizitoki-alternatiba bati uko egin ziolako, are gehiago, onartu egin dute azkenean. Ustezko alternatiba hori etxegabetzea baino ordu batzuk lehenago heldu zen, eta horrek ez zion eragin desalojoaren gauzatzeari".

Instituzioek uko egin diete euren betebeharrei

Sindikatuak gogorarazi du, gainera, Espainiako Estatuko nahiz EAEko legediak markatzen duela ezin dela adingabeak dituen familia bat etxegabetu, bizitoki-alternatibarik ez baldin badago. "Eusko Jaurlaritza legez behartuta dago alternatiba bat eskaintzera, teorian, bestela, ezingo litzateke etxegabetzea gauzatu. Kasu honetan, beraz, funtzio-utzikeria bat egon da: ez zegoen proposamen bakar bat ere etxegabetzea baino ordu batzuk lehenago, eta eman den proposamena nekez jo daiteke bizitoki-alternatibatzat".

Familiaren inguruko gezurrak: 2.450 euroko laguntzak?

El Correo-k argitaratu zuen etxegabetutako familiak ia 2.500 euroko dirulaguntzak jasotzen dituela, bulo arrazistak indartuz. Sindikatuak argitu du, ordea, Vocento taldeko egunkari horrek egindako estimazio faltsu bat baino ez dela datu hori. "Familiak laguntzak jasotzen ditu, bai, horretarako eskubidea duelako, baina zenbatekoa aldatu egiten da hilabetearen arabera".

Horiek horrela, fokua mugitu du sindikatuak: "Datu hori behin eta berriz errepikatzeak ez du gaiaren mamia aldatzen, eta helburu bakarra du: pertsona arrazializatuekiko gorrotoa sortzea. Auziak berdina izaten jarraitzen du: langile-klasea prekaritate eta lan-ezegonkortasuneko egoera bat bizitzen ari da, lan egitea lortzen dute aldi batzuetan, eta beste batzuetan ez. Hori da familia honen kasua ere. Gainera, zentzugabea da iradokitzea horrelako diru-sarrera zenbateko batek zortzi kideko familia baten egonkortasuna eta etxebizitza baterako sarbidea berma ditzakeela".

Sindikatuak oroitarazi du, Idealista-n Gasteizi begira argitaratzen den alokairu-pisu bakoitzeko, 131 eskaera aurkezten direla batez beste, eta bereziki zaila dela etxejabeek arrazializatutako familien eskaerak onartzea, batez ere, hainbeste adin txikiko tartean daudenean. Hortaz, antolakunde sozialistak uste du zenbait komunikabideren asmoa dela "benetan garrantzitsua dena" bigarren mailan uztea: hau da, "merkatu libreak gehiengoa kanporatzen duela eta, bitartean, babestutako merkatuak ez duela alternatibarik eskaintzen".

Ez dago etxerik denontzat?

Bestalde, komunikabideetan hauspotutako norgehiagoka faltsu bati egin dio erreferentzia sindikatuak, izan ere, asko izan dira nabarmendu dutenak Sansomendiko etxearen jabeek erabilera propiorako eskatu zutela pisua. "Erabilera pertsonal hori, kasu batzuetan, justifikatuta egon daiteke, kasu honetan bezala. Baina askotan ez da hala, eta jabeek erabiltzen duten zirrikitu bat izaten da, legea hausteko eta, irabaziak maximizatzeko asmoz, maizterrak kanporatzeko".

Behin hori azalduta, sindikatuak agerian utzi du akats bat dela "desjabetu zaurgarriak jabe zaurgarriekin aurrez aurre jartzea". Eta gaineratu du: "Azkenaren eta azkenaurrekoaren arteko gerra astindu nahi dute, denontzat ez dagoela dioen premisa faltsuaren pean. Guztiontzako bermatutako eskubideen alde borrokatu beharrean, ogi-apurrak lortzeko borroka fratizida batean murgildu nahi gaituzte". Horren kontra, sindikatutik defendatu dute etxebizitzak denontzako eskubide bermatu bat izan beharko lukeela.

Eta ezkutatzen dutena: ia 100 zauritu eta aspaldi ikusi gabeko dispositibo polizial bat

Eta kontrara, bai Gasteizko Udalak bai komunikabide gehienek modu nabarmenean apaldu dituzte ostiraleko etxegabetzea gauzatzeko Poliziak erabili zuen biolentzia eta dispositibo erraldoia. Sindikatuak zenbatu ahal izan duenez, etxe-kaleratzearen aurkako protestara batutako 90 pertsona inguru zauritu zituen Ertzaintzak, gutxienez.

"Polizia-dispositiboaren dimentsioak ez du aurrekaririk, gutxienez, Kukutzako Gaztetxearen desalojotik. Gainera, Ertzaintzak jardun zuen modua oso urrun dago etxegabetzeetan aritu izan den modutik: korrika eta foam pilotak jaurtiz iritsi ziren; aldez aurretik abisatu gabe, manifestariei sakabanatzeko eskatu gabe. Ehunka tiroketa izan ziren zuzenean pertsonen aurka, horietako asko inguruan egon besterik egiten ari ez zirenean. Dozena bat aldiz kargatu zuten, baita protesta deseginda zegoenean ere; baita familia jada etxegabetuta zegoenean ere. Sekulako indarkeria erabili zuten, nagusiki adingabeak ziren pertsonen aurka". Horiek horrela, sindikatuak iritzi dio "horrelako dispositibo batek eta horrelako jarduketa batek Eusko Jaurlaritzaren azalpenak eskatzen" dituela.