AKTUALITATEA
Saskibaloi-talde israeldarren presentzia ahalbidetzen eta normalizatzen jarraitzen du Baskoniako zuzendaritzak, denboraldi honetan, bere horretan mantendu baititu Hapoel Tel Aviv eta Maccabi taldeen kontrako partidak, eta Palestinaren ikurrak zentsuratuz gainera. Joan den azaroaren 17an, Hapoelen aurka aritu zen Baskonia Araba Arenan, eta datorren astean, abenduaren 4an hain justu, Maccabirekin dauka hitzordua Gasteizko taldeak.
Hapoelen kontrako partidaren aurretik, ehunka lagun mobilizatu ziren Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako manifestazioan, "Israelen aurpegi zuriketari" ezetz esanez eta estatu sionistarekin harreman oro etetera deituz, kirol-arloan barne. Bada, Maccabiren etorreraren aurka ere mobilizatzera deitu du plataformak, eta beste protesta bat egingo du abenduaren 4an bertan: 19:00etarako jarri du hitzordua, Gasteizko Faroloian. "Ezin dugu onartu entitate sionista normalizatzen duen ekimenik", seinalatu dute plataformatik.
Baskoniak, talde israeldarrekin hitzorduak mantentzeaz gain, urratsak aurrera egiten jarraitu du aurten: iaz Maccabiren eta Hapoelen partidak ate itxiekin jokatu ziren arren, aurten, bertaratzeko aukera eman die klubak abonatuei. Hala ere, boikoterako jarrera nagusitu zen zaleen artean, oso jende gutxi joan baitzen Araba Arenara.
Hori gutxi balitz, ikusle gutxi horiek Palestinaren alde eramandako aldarriak isilarazten jardun zuten estadioko segurtasun-indarrek, harmailetatik Palestinaren banderak kenduz esaterako. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak eman zuen agindu hori.