Joan den asteburuan bizitzaren garestitzearen aurka izan diren mobilizazio masiboen ondoren, neurri autoritarioekin segitzen du Frantziako Gobernuak. Emmanuel Macronek manifestazioak debekatzeko mehatxua egin eta lekuan lekuko agintaritzek horretarako dituzten eskumenak indartu eta gero, harago joan da gobernua: Sébastien Lecornu lehen ministroak iragarri bezala, etxeratze-agindu "partzialak" ezarri dituzte hainbat hiritan, gaurtik indarrean egongo direnak.
Momentuz, hainbat hiritan eta barrutitan inposatu dute etxeratze-agindua, desberdintasunekin izan arren. Lillen, Douain, Denainen eta Wattigniesen (Frantzia Garaia), 20:00etatik 06:00etara bitartean, debekatuta egongo da oro har kalera irtetea. Parisko zenbait barrutitan eta Nizan ere ezarri dute etxeratze-agindua, 22:00etatik 06:00etara iraungo duena, baina nerabeak bakarrik hartu dituzte jomugan: ordu-tarte horretan, adin txikikoek izango dute debekatuta etxetik ateratzea.
Macronek asteburuko mobilizazioen inguruan hitza hartu eta "ezker muturreko taldeak" kriminalizatu ondoren, Lecornuk bere egin ditu presidenteak esanak: adierazi du "ondasunak babesteko" hainbat neurri hartuko dituztela, "saltokiak bereziki". "Zonifikatutako" etxeratze-aginduak aipatu ditu, argudiatuta asteburuko istiluak "oso leku jakinetan" izan omen direla.
Dena dela, aurrez ere aplikatu zuten debekua zenbait tokitan, non eta itsasoaz haragoko Guadalupe uhartedian: protesten zabalpenaz beldur, bertako agintariek etxeratze-agindua sartu zuten indarrean atzo, adingabeei begira soil-soilik. Igandeko arratsaldeko 20:00etatik gaur goizeko 06:00etara arte egon da indarrean debekua.
Larunbatean, protestan aritu ziren ehunka herritar lurralde horretan ere, eta manifestariek hainbat errepide blokeatzeaz gain, zenbait enpresaren azpiegiturei su eman zieten mobilizazioetan. Zehazki, langileek erregaien garestitzea eta ur edangarria lortzea geroz eta zailagoa dela salatu zuten uhartediko bi herri nagusietan; Pointe-à-Pitren eta Abymesen. Ikasleek ere mobilizazioetan parte hartu zuten Guadalupen, ikas-baldintzen hobekuntzaren alde.