Prentsaurreko baten bidez, Irungo (Gipuzkoa) familia zaurgarri batek eta Kaleratzeak STOP plataformak etxegabetze arrisku baten berri eman dute Katea auzoko Bizilagunen Elkartean. Agerraldira hainbat bizilagun eta eragile agertu dira; eta Palmira Dualek, etxegabetu nahi dituzten bizilagunen alabak, hitza hartu du. Etxegabetzearen hitzordua datorren asteazkenerako, hilaren 16rako, dago ezarrita, goizeko 09:30erako.
Hitza hartu orduko, bertaratutakoei eskerrak eman ondoren, etxegabetu nahi duen enpresaren izena eman du ezagutara Dualek: Kimbolton Invest SM putre-funtsa dago etxegabetze-saiakera honen atzean. Haatik, bi lagunak Irungo Katea auzoan bizi dira orain dela 33 urtetik, eta biak ala biak pertsona zaurgarriak dira: "Nire gurasoak zaurgarritasun-egoera aitortuan daude, eta %75eko desgaitasun fisikoa eta dementzia-hastapenak dituztenez, egoera are eta larriagoa da".
Kimbolton Invest SM putre-funtsak Oviedon (Asturias) du egoitza nagusia, eta azken asteotan ahaleginak eta bi egin dituzte haiekin harremanetan jarri eta etxegabetze-agindua geldiarazten saiatzeko. Burofaxa bidali zion enpresari familiak, baina ez dute sekula erantzun formalik jaso. Are, WhatsApp bidezko bi mezu ziztrin besterik ez dituzte jaso: "Jaso genuen erantzuna oso ziztrina izan zen. Diru kopuru txikia eskaini nahi izan ziguten etxeko giltzengatik, ez dute gure egoera benetan zein den ulertzen". Izan ere, bestelako irtenbide bat nahi du familiak: "Ez dut nahi nire gurasoak denbora mugagabez bertan bizitzea, baizik eta kaleratzea bertan behera uztea eta denbora izatea haien beharretara egokitzen den etxebizitza duin bat eskuratzeko". Hori dela eta, abokatu batekin jarri dira harremanetan, eta Dual sinetsita dago enpresak adierazi duena baino informazio handiagoa duela: "Ez da normala, benetako informazioa edukita ere, kaleratzea bertan behera ez uztea".
Zaurgarritasun-egoerari heldu dio ondoren Dualek, eta salatu du familia ugari daudela egoera horretan, baita etxegabetze-arriskuan ere. Are, zaurgarritasuna "dokumentu batera" mugatzen ez bada ere, status horren arabera pertsona horiek egiaz behar duten arreta galarazten dietela azaldu du. Izan ere, baliabide eta tresnak behar dituzte, eta ez "lekualdatzez" mozorroturiko kaleratzeak: "Zaurgarritasun-egoeran dagoen pertsona batentzat 33 urtez egon den etxebizitza bat uztea, bestelako alternatiba egonkorrik eduki gabe, ez da lekualdatze soil bat egitea. Horrek eragin zuzena du maila fisiko zein psikologikoan".
Hitz-hartzearen amaieran, ohartarazpen bat egin du Dualek: "Ez dugu onartuko gutaz barre egitea". Itxaropentsu agertu da gainera, eta etxegabetzea gelditzeko borrokarako prest daudela adierazi du: "Zaurgarritasun-egoeran gaudenok sistema honen akatsetan eta zepoetan murgilduta ikusten dugu geure burua. Irtenbidea lortu arte borrokan jarraituko dugu".