AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
"Etxebizitzak utzi baditugu ez da gure borondatez izan"
Hustu dute jada Pasaiako Escalerillas blokea, eta atzo, agerraldi jendetsu bat egin zuten etxegabetutako bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Bi urteotan duintasun izugarria erakutsi dute [bizilagunek], antolakuntzarako gaitasun ikaragarria eta langile-klase osoarentzat etxebizitza-eskubidea defendatzeko erabaki irmoa", azaldu zuen sindikatuko kide batek.
2026eko ekainaren 9 - 10:28
"Etxebizitzak utzi baditugu ez da gure borondatez izan"

"Escalerillasen gertatu dena logika baten adibide argia da: irabazi pribatuak gizarte-beharren gainetik kokatzen diren logika kapitalistarena eta horren zerbitzura dauden instituzio publikoek betetzen duten rolarena", seinalatu zuen atzo Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Pasaiako (Gipuzkoa) Escalerillas etxebizitza-blokean izandako desalojoaren inguruan. Izan ere, bertako etxeak erabat hustea lortu du Pasaiako Portuak: gaur da desalojorako ezarrita zegoen azken eguna, eta horren bezperan, atzo alegia, prentsaurreko jendetsu bat egin zuten bai bertako bizilagunek bai Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Argi utzi nahi dugu bizilagun hauen borroka ez dela bloke baten eraistearekin amaitzen. Bi urteotan duintasun izugarria erakutsi dute, antolakuntzarako gaitasun ikaragarria eta langile-klase osoarentzat etxebizitza-eskubidea defendatzeko erabaki irmoa. Horregatik elkartu gara gaur hemen, hau inork ahaztu ez dezan", adierazi zuen hitza hartu zuen sindikatuko kideak.

Bizilagun batek ere hitz egin zuen agerraldian, eta argitu zuen indarrez bota dituztela euren etxeetatik: "Etxebizitzak utzi baditugu ez da gure borondatez izan. Pasaiako Portuak eginiko mehatxu eta presioen ondorioz utzi dugu eraikina, 24 orduz blokea zelatatzen aritzen den segurtasun-zaindariaren presentzia horren adibide delarik. 'Titularrak', gehienak adineko emakumeak, hamarkadetan eraikitako auzo eta komunitate-saretik urrun daude orain. 'Ez titularrak', aldiz, inolako konpentsazio edo alternatibarik izan gabe gure etxeak uztera behartuak izan gara, nahiz eta etxebizitza horiek eta horien konponketak gure poltsikoetatik ordaintzen aritu garen". Gogorarazi zuen, gainera, epaitegietan jarritako errekurtso judiziala ebatzi aurretik etxegabetu dituztela. Gaur gauzatuko da erabat desalojoa, eta eraikina eraitsiko dute orain.

Bi urtetik gorako borroka gogoan

Azken urteetako gertakariak eta injustiziak ekarri zituen gogora auzokideak: "Duela bi urte eta erdi adierazi ziguten gure etxebizitzak utzi behar genituela blokea eraitsiko zutelako. Denbora luzez ez ziguten informazio ofizialik eskaini. Familietako batzuk ez dituzte maizter gisa onartu ere egin, nahiz eta hamarkada luzez bertan bizi izan diren, lehenengo kontratuak sinatu zituztenen seme-alabak edo bilobak diren auzokideak. Portuarentzat lanean eta etxebizitzetako mantenuarekin jarraitu duten auzokideak. Haientzat ez da alternatibarik eskaini. Titular gisa onartuak izan direnentzat, berriz, eskainitako konpentsazio ekonomikoak irrigarriak izan dira. Bizi-itxaropenaren arabera kalkulatutakoak. Zenbat eta helduagoa izan, orduan eta gutxiago zegokizun. Bidegabea eta ankerra iruditu zitzaigun irizpidea".

Azaldu zuen horrexegatik erabaki zutela antolatzea auzokideek, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik egin zuten hori. "Bi urte baino gehiago iraun duen borroka abiarazi genuen, hamarkada luzez pilatutako oroitzapen eta esperientziei beste bat gehituz: batasunarena, elkartasunarena eta bidezkotzat jotzen duguna defendatzeko ekintza kolektiboarena", aldarrikatu zuen.

"Denetarik egin dugu", zehaztu zuen. Izan ere, mobilizazioak, elkartasun-ekimenak, asanbladak eta beste egin dituzte, eta "inplikatutako instituzio eta eragile guztiekin" bildu dira. Horri guztiari esker, lorpenak egin dituzte: "Konpentsazio ekonomikoetan zegoen aldea desagertu zen, titularrek jasotako eskaintzak berdinduz eta etxebizitza-aterabideak lortuz". Hala ere, ohartarazi zuen aurrera egin duela etxegabetze-prozesuak, eta, "presiopean", euren etxeak uztera behartu dituztela azkenean, "asko, inolako konpentsaziorik edo alternatibarik gabe".

"Bidezko borroka oro denboran irauten duen borroka dela" aldarrikatu zuen bizilagunak, oroitarazteaz gain "etxebizitza-bloke bat baino gehiago" dela Escalerillas. "Bertan garatu dira lau hamarkada baino gehiagoko bizitzak. Portuarekin lotura luzea izan duten gure familiak 80ko hamarkadan heldu ziren etxebizitza hauetara. Lanera etorri ziren eta bertan jaio eta hazi dira belaunaldi desberdinak[...]. Auzokide batek 87 urte ditu eta, orain, bizitza osoan bere etxebizitza izan dena uztera behartuta dago".

Irabazi pribatuak behar sozialen gainetik, eta erantzuleak

Agerraldian mintzatu zen sindikatuko kideak seinalatu zuen "behin eta berriz errepikatzen den logika baten adibide argia" dela Pasaian jazotakoa. Izan ere, merkantziak garraiatzeko trenbide bat egiteko eraitsiko dute etxebizitza-blokea, "Algeposa enpresa pribatuaren merkantzien garraio-kostuak merkatzeko". "Baliabide publiko ugari bideratu, onura pribatuak bermatzeko. Eta beste behin ere, langile-klasea kaltetua", laburbildu zuten sindikatutik.

"Instituzioetako baliabide publikoak etekin pribatura bideratzen direnaren adibide da Escalerillas: milioika euro bideratu dira azpiegituren eraikuntzara; lurzoru publikoa utzi da; baliabide gehiago erabili dira familien aurkako etxegabetzeak judizializatzeko, eta, honekin gutxi ez, eta milaka euro xahutu dira eguneko 24 orduetan etxebizitzak zelatatu dituen segurtasun-zaindaria jartzeko", ekarri zuten gogora. Horren guztiaren "helburua bakarra", hain justu, "langile-klasearen kontura enpresarien irabaziak babestea" izan delakoan dago sindikatua.

Horrekin batera, nabarmendu zuen "erantzukizun instituzional zehatzak daudela" kasu honetan ere: "Pasaiako Portuko Agintaritza izan da etxegabetzeak eta blokearen eraistea bultzatu dituena. Euskal Trenbide Sarea da, berriz, azpiegitura honen eraikuntzaz arduratuko dena. Eta Algeposa enpresa, obra honen onuradun nagusia".