AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzako desorekak: 5 agente indarkeria matxistaren aurkako unitatean, 6 ustelkeriaren aurkakoan, 418 "istiluen" aurkakoan
2025ean iragarri zuten Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Berdintasunaren Unitateak lau agente eta arduradun bat besterik ez ditu, eta "delitu ekonomikoak" ikertzeko unitateak, berriz, sei ertzain baino ez.
2026eko maiatzaren 14 - 05:28
Ertzaintzako desorekak: 5 agente indarkeria matxistaren aurkako unitatean, 6 ustelkeriaren aurkakoan, 418 "istiluen" aurkakoan

2025eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren atarian, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen biolentzia matxista lantzeko unitate espezifiko bat jarri zuela martxan Ertzaintzan: Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Berdintasunaren Unitatea. Bertara bideratutako agenteen kopuruak anekdotikoa dirudi, ordea: komisario bat arduradun modura eta beste lau ertzain besterik ez dira unitatean, Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Ertzaintzan, guztira, 7.500 agente inguru dira gaur egun.

Tokian tokiko ertzain-etxeetan, indarkeria matxistari lotutako gertaerez soilik arduratzen diren "taldeak" daudela azaltzen du Jaurlaritzak bere web-orrian; agente kopuruari buruzko datu zehatzik eman gabe, ordea. Zenbait iturrik diote 70 bat ertzain direla denera. Iazko azaroko datuek zioten Ertzaintzak 6.223 emakume babesteko protokoloak zituela aktibatuta, indarkeria matxista zela-eta.

Gero eta gutxiago ustelkeria ikertzeko sekzioan: zortzitik seira bi urtean

Bere osaera murritzagatik arreta ematen duen beste unitate bat da ustelkeriari aurre egiteaz arduratzen dena: Ikerketa Kriminalaren eta Polizia Judizialaren alorraren barruan, Delitu Ekonomikoen sekzioak jarduten du ustelkeriari buruzko ikerketetan. Bingen Zupiria Barne sailburuak emandako datuak jaso ditu berriki elDiario.es-ek: sei ertzainek baino ez dute parte hartzen ustelkeriari kontra egiteko sekzio nagusian. 2024aren amaieran, Zupiriak berak aipatu zuen zortzi agentek egiten zutela lan unitatean, beraz, %25 jaitsi da horretara bideratutako ertzain kopurua bi urtean.

Lan horiei lotuta, lekuan lekuko komisariei laguntza emateko bi talde ditu Ertzaintzak: Zibersegurtasunean jarduten du batek eta Ikerketan besteak, zenbait azpitalderekin; iruzurrak, adingabeen aurkako sexu-delituak, eta hacking​ deiturikoa. Bada, 26 ertzainek soilik egiten dute lan horietan.

"Beltzak": 400 baino gehiago

Beste sekzio aski espezifiko batek, Brigada Mugikorrak ("istiluen" aurkako unitatea), askoz ere osaera zabalagoa du: 418 agente ziren 2024aren bukaeran, unitateak 40 urte bete zituenean. "Herritarren Babeserako Dibisioaren" parte izan arren, funtzio oso konkretua betetzen dute Brigada Mugikorreko "beltzek": kaleko mobilizazioetan "ordena publikoa" mantentzea, jende-multzoak "kontrolatzea", "azpiegiturak babestea", eta beste.