Eusko Jaurlaritzaren aurkako "erreklamazio formal" bat aurkeztuko du Clara Campoamor elkarteak, EITBk jaso duenez: azaldu du "akats izugarria" izan zela Ertzaintzak, bere protokoloetan, Maialen Mazonen kasua "arrisku baxukotzat" jo izana, eta "funtzionamendu txarra" izatea leporatuko dio.
Espainiako Estatuko VioGen sisteman "muturreko arriskuko" kasu bezala zegoen sailkatuta Maialenena, eta Malagako epaile batek bere bikotekidearen aurkako urruntze-agindu bat sartu zuen indarrean aurrez. Hala ere, Maialen Gasteizera itzuli zenean bere alaba txikiarekin, "arrisku baxuko" kasutzat hartu zuen Ertzaintzak. Bikotekideak 2023ko maiatzaren 27an erail zuen 32 urteko emakumea, hamahiru labankada emanda. Haurdun zegoen.
"Behin erruduntasun penala ebatzita eta hiltzailea kondenatuta dagoela, Ertzaintzaren erantzukizuna eskatuko dugu, Guardia Zibilak egoki egindako arrisku-balorazioa aldatzean akats izugarria egin zuelako eta Maialen babesteko neurririk hartu ez zutelako", esan du Clara Campoamor elkarteko presidente Jose Miguel Fernandezek. Jaurlaritzari buruzko kexaz gain, Arartekoaren eta Emakunderen kontrako erreklamazioak ere egingo ditu elkarte horrek, iritzita "iraingarriak" izan zirela epaiketa-prozesuan Ertzaintzako talde instruktoreak egindako adierazpenak.
Aurreko ostegunean amaitu zen Maialen Mazonen hiltzailearen aurkako epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian. Herri-akusazio gisa parte hartu du Clara Campoamorrek. Herri-epaimahaiak erruduntzat jo du Maialen erail zuen gizona, baina ez du indarkeria matxistaren larrigarria onartu. Epaileak aurki jakinaraziko du bere ebazpena.