AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzak bultzatutako eraso bat salatu du Errekaleorrek
Kale-egoeran dauden hainbat pertsona auzora bertaratu ziren asteazkenean, Ertzaintzak horretara bultzatuta, bertako kideek azaldu dutenez: "Poliziak erasoa sustatu, artikulatu eta babestu zuen". Larriki zauritu zuten auzokide bat.
2026eko maiatzaren 15 - 06:13
Ertzaintzak bultzatutako eraso bat salatu du Errekaleorrek
— ARGAZKIA Errekaleor

"Ertzaintza egon zen atzoko gertakari larrien atzean", azaldu dute bart Gasteizko (Araba) Errekaleor auzoko kideek, asteazkenean jazotakoari erreferentzia eginez. Izan ere, polizia-indarrek birritan hartu zuten auzoa, etxerik gabeko hainbat pertsona hara joatera bultzatu ondoren; Errekaleor Auzo Askea deituriko proiektua osatzen duen etxeetako batera sartzen saiatu ziren pertsona horiek. Auzoan bizi den jendearen eta etxera sartzen saiatu zirenen arteko "gatazkan" esku hartzea aitzakiatzat jarrita bertaratu zen Polizia bi aldiz, 13:30ean lehenengo eta 19:00etan gero. Bada, egun bereko gertakari gehiagoren berri eman zuten ostegun gauean Errekaleorreko kideek, hainbat pertsona izan baitziren erasotuak.

"Gure auzotik gertu dagoen URSSA fabrikan bizi diren hamabost pertsona inguru modu oldarkorrean etorri ziren auzora, gure etxeetako batean indarrez sartzeko asmoz. Euren esanetan, Poliziak bidali zituen, eta euren babesean sentitzen zirelarik jokatu zuten une oro. Egunean tentsioz beteriko bi saiakeraren ostean, eta Ertzaintzaren aldetik jarrera eta jokabide negargarriak jaso ostean, gauean zer gerta zitekeen zain geratu ginen, kezkaturik", azaldu dute ohar baten bidez: "Gure kezkak bazuen oinarria; 14:00ak aldera [...] hamarnaka pertsona etorri ziren auzora makil, burdin eta harriekin armaturik, eta zuzenean erasotu gintuzten".

Hainbat pertsona zauritu zituzten eraso horretan, horietako bat larriki, albiste honekin doan argazkian ikus daitekeenez. 19:00etan ospitalean ingresaturik jarraitzen zuen, "harrikada batek kolpatuta burezurreko hainbat hezur hautsita" baitzituen. "Anbulantzia deitzerakoan ertzainak ere agertu ziren. Zaurituaren ongizatea albo batera utzita, gertatutakoari probokazioz eta mespretxuz beteriko iruzkinak egin zituzten", gaineratu dute Errekaleorretik.

"Erasoaldia Ertzaintzaren estrategia zital baten baitan kokatzen dugula esan dugu goizean. Orain are gehiago esaten dugu: Poliziak erasoa sustatu, artikulatu eta babestu zuela", seinalatu dute: "URSSA lantegia okupatzen dabilen jendearen aldetik hau baieztatzen duten zuzeneko testigantzak jaso ditugu". Horrez gain, "erasoa errepikatzeko" asmoa erakutsi omen dute pertsona horiek, "hobeto prestatuta". "Atzoko ondorio lazgarrien zein gaur gertatu daitekeenaren erantzule zuzena Ertzaintza dela salatzen dugu, argi eta ozen".