AKTUALITATEA / Preso politikoak
"Erresistentzia eta duintasun posizioen baliogabetze eta arbuio orokor bat gertatzen ari dela dirudi"
Berangoko hamaseien aurkako epaiketaren harira, ondoko idatzia egin dute Fernando Garcia Jodra, Iñaki Krutxaga Elezkano, Irantzu Gallastegi Sodupe, Lexuri Gallastegi Sodupe, Orkatz Gallastegi Sodupe eta Xabier Garcia Gaztelu preso politikoek.
2026eko ekainaren 9 - 09:33
"Erresistentzia eta duintasun posizioen baliogabetze eta arbuio orokor bat gertatzen ari dela dirudi"

Hemen idatzia osorik:

"2022. urtean Berangon antolaturiko ongietorriaren ondorioz Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnei gure sustengu eta indar guztia helarazi nahi diegu. Zenbaitek halako auzien atzean sektore erreakzionario baten nahia ikusten duten bitartean, iraganeko errepresio latzera kateatuta mantendu nahi gaituztelako, guk argi daukagu orainaldiari dagokion afera bat dela, gaur egun ere etsaiak errepresioa darabilelako Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialaren borrokak jarraitzen duen neurri berean. Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen, mugitzen denak, ordea, kateon zigor eta min guztia igarriko du, lehen bezala gaur egun ere.

Ez gatoz ongietorriak egin behar diren ala ez esatera, ezta gutxiago ere aldarrikatzera. Ez gatoz egoera politikoaren analisia edo diagnostikoa egitera ere. Uste dugu ez dagokigula presooi ez bata ez bestea egitea. Baina gure herriko hainbat norbanako zein antolakunde konprometitu bezala, kezkatzen gaituzte Euskal Herriak bere askapen bidean azken urteetan eman dituen atzerapausoek. Atzerapauso horien artean bada biziki larritzen gaituena; akaso atzerakadaren ukapena. Ukapen hori presoen ongietorrien aferan ere islatzen da, hau da, kaleratua den presoari egiten zaion omenaldia herri zapaldu batek bere askatasunaren alde borrokatzeko duen zilegitasunaren baieztapena da, batez ere, eta, era berean, zapaltzailearen zilegitasunaren ukapena. Bata zapalduaren egia da, bestea zapaltzailearena. Palestinaren egia Israelena ez den bezala, Euskal Herriaren egia ez da Espainiaren zein Frantziaren egia. Guk badugu gure egia, etsaiak berea duen bezala; ez dago batak bestearekin bat egiterik. Gatazkak jarraituko du beti, borrokak iraungo du beti, zapaldua aske izan arte edo guztiz menderatua izan arte.

Horri guztiari lotuta, azken arrangura bat: noiz utzi zion gure borrokak etikoki onargarria izateari, orain, etsaiaren label demokratikoa jaso beharraren beharraz uko bat bestearen atzetik pilatzen ibili behar izateko? 

Zapalduaren borrokarako konpromisoari zapaltzailearen ustezko etika kontrajarri zaio, eta, badirudi, kontraesan borroka horretan, zapaldua are zapalduagoa suertatzen ari dela. Ondorioz, erresistentzia eta duintasun posizioen baliogabetze eta arbuio orokor bat gertatzen ari dela dirudi. 

Ruperrek abesten duen bezala "gu herrialde estuan sortu ginen, arbasoek aberri mendrea utzi ziguten. Merkatari aberatsek merke eta kario erosten dituzte gure lurrak, gure jendearen hezurrak. Lurrak eta hezurrak, eta badoaz urtaroak, eta gu ere bagoaz, geroago eta gutiago gara ginenak, gero eta urrutiago ginena…".

EZ DEZATELA ESAN, EZ DEZATELA ESATERIK IZAN, KANTAURIKO HEGIAN HERRI BAT IZAN ZEN".

Espetxetik,

Fernando Garcia Jodra

Iñaki Krutxaga Elezkano

Irantzu Gallastegi Sodupe

Lexuri Gallastegi Sodupe

Orkatz Gallastegi Sodupe

Xabier Garcia Gaztelu