AKTUALITATEA / Eskubide erreproduktiboak
Erreprodukzioaren negozioa
Obuluen donazioaren eta abortuaren bidez, milioika euro irabazten dituzte hamaika enpresak; abortuen %10 baino gutxiago egiten dira sistema publikoan. Emakumeon gaitasun erreproduktiboak negozio bihurtzea ez da arazo bat politikari, 'influencer' edo erlijioso erreakzionarioentzat. Aldiz, kliniken parean ikusten ditugu abortatzera doan emakumea kriminalizatzen eta abortatzeko eskubidea ukatzen. Emakumeon gaitasun erreproduktiboaren bi alde osagarri horiek aztertu ditugu erreportaje honetan.
2026eko apirilaren 9 - 07:47
Erreprodukzioaren negozioa
Donostian, Itaiak hainbatetan egin die aurre antiabortistei.

Instagramen eskroleatu eta bideo bat agertzen da: "Bazenekien mundu osoan zehar dohainik, dena barne, bidaiatzen ari diren neskak badaudela? Ia inork ezagutzen ez duen hack bat dago: obuluen donazioa". Irudi distiratsuak, hondartzak, hegaldiak eta espezialitateko kafeak. Klik egin eta informazio gehiago eskatzen dut. WhatsApp bidez erantzuna berehala: prozesua erraza dela, gastu guztiak ordainduta daudela, eta kasu batzuetan ordainsaria 20.000 eurora ere irits daitekeela. Bitartean, otsailaren 18tik Bilbon, Gasteizen eta Donostian antiabortistak kliniken aurrean, haurdunaldia etetera doazen emakumeei jazartzen. Panfletoak, ohartarazpenak, eta kasu honetan bai, arriskuei buruzko informazioa.

Emakume langileon eskubide erreproduktiboen inguruko kontrastea deigarria da: sare sozialetan gaitasun erreproduktiboa dirua egiteko aukera gisa sustatzen duten iragarkiak zabaltzen dira; EAEn egindako abortuen %95 zentro pribatuetan egiten dira. Etekin ekonomikoak lortzea helburu duten enpresak, emakumeon osasunaren kontura, diru publikoaren bidez aberasten. Aldi berean, emakume askok haurdunaldia eteteko beste lurralde batzuetara joan behar izaten dute kontzientzia-objektoreen erabilera zabalak eskubidea blokeatzen duelako praktikan, eta, gainera, kliniken parean, antiabortisten presioa ere jasan behar izaten dute.

Erreportaje honetan, emakume langileon eskubide erreproduktiboen inguruko kontraesanak aztertu dira: aborturako sarbidean dauden oztopoak, obuluen donazioaren merkatuaren hazkundea, prozeduraren arriskuak eta sektorearen nazioarteko logika ekonomiko eta politikoak, Israelen esku-hartzeari lotuta.

Abortua: eskubide bat?

Gasteizko Osakidetzan lanean ari den lagun batek dei bat jaso zuen aurrekoan. Errioxako emakume bat zegoen beste aldean; abortatzeko hitzordua eskatu nahi zuen. Galdera berehala etorri zen: zergatik ari zen Logroñoko emakume bat Gasteizen hitzordua eskatzen? Kide bati galdetuta, erantzuna argia izan zen: "Ohikoa da, Logroñoko ospitale publikoan ez baitira abortuak egiten". Zerbitzuburua kontzientzia-objektorea zen, eta horrek, praktikan, ospitale osoan abortuak egitea eragozten zuen.

Aurten 40 urte beteko dira Espainiako Estatuan lehen abortu legala egin zenetik. Frankismo garaian abortua delitu larritzat jotzen zuen legea 1985ean despenalizatu zuten, hiru kasu zehatzetan: emakumearen edo fetuaren bizia arriskuan zegoenean, bortxaketaren ondoriozko haurdunaldietan, edo fetuaren malformazioetan. 2010era arte, ordea, abortua ez zen benetan eskubide gisa aitortu: urte hartan ezarri zen legeak, teorian, aukera zabaldu zuen haurdunaldiaren lehenengo hamalau asteetan emakume guztiek abortatzeko. 2023an egindako erreformak, berriz, jada existitzen zen eskubidea praktikan bermatzea zuen helburu. Baina errealitatea legeak aitortutako marko horretatik urrun gelditzen da. Izan ere, emakume askorentzat abortatzeko eskubidea ez da aukera eskuragarria gaur egun, izan oztopo ekonomiko, territorial edo sozialengatik.

DESIVE txostenaren arabera, azken urteetan abortuen kopurua 80.000 eta 100.000 artean egon da urtean Espainiako Estatuan. Datu orokor horien atzean, ordea, desberdintasun nabarmenak ageri dira.

Txostenak erakusten du abortu-tasarik handienak emakume proletarizatuenen artean gertatzen direla, bereziki ikasketa-maila baxua dutenen eta emakume migratzaileen artean. Izan ere, ikerketa ugarik erakutsi dute diru-sarreren eta haurdunaldi ez-planifikatuen artean alderantzizko erlazioa dagoela: zenbat eta maila ekonomiko baxuagoa, orduan eta handiagoa da nahi gabeko haurdunaldien tasa. Egoera ekonomiko ahulagoek, askotan, antisorgailuetarako sarbide txikiagoa, informazio falta edo plangintza familiarrerako baliabide mugatuak ekartzen dituzte; ondorioz, abortatzeko probabilitatea ere handiagoa izan ohi da.

1. grafikoa. Nahi gabeko haurdunaldien eta abortuen tasak, eta abortura heltzen diren nahi gabeko haurdunaldien ehunekoa, Mundu Bankuaren errenta taldeen arabera 

Aipagarria da bereziki emakume migratzaileen egoera. Osasun-sistemara sarbidea izateko oztopo gehigarriak izaten dituzte –administrazio-egoera, hizkuntza-zailtasunak edo arreta-sarbide mugatua–, eta horrek prozesua beranduago hastea eragiten du. Hori dela eta, abortua aurrerago egin behar izaten dute, eta zailtasun administratibo, mediko eta logistikoak handitzen dira.

Erreprodukzioari loturiko desberdintasun sozialei abortatzeko orduan osasun-sistemaren baliabide faltak eragindako desberdintasunak ere gehitzen zaizkie. 2023an, Espainiako Estatuko hamabi probintziatan ez zegoen abortua egiten zuen zentrorik, eta 24tan ez dago abortuak egiten dituen ospitale publiko bakar bat ere. Horrek esan nahi du emakume askok beste probintzia batera joan behar dutela abortatzeko, horrek dakartzan kostu ekonomiko eta logistikoekin.

Kontzientzia-objekzioaren figurak ere funtsezko eragina du aborturako sarbide mugatua ulertzeko. Praktikan, askotan erabili izan da "objekzio orokortuaren" aitzakia osasun publikoak abortuak bere gain ez hartzeko. Izan ere, praktikan, ospitale bateko zerbitzuburua kontzientzia eragozlea bada, zaila izaten da taldeko beste profesionalek kontrako bidea hartzea. Ondorioz, nahiz eta legeak hala ahalbidetu, zenbait tokitan ez da aborturik egiten. Objekzioaren figura eskubide indibidual modura aurkezten bada ere, erreakzioak abortatzeko sarbidea mugatzeko tresna bihurtu du.

Gainera, erkidego batzuetan –Madrilen, esaterako– kontzientzia-objektoreen erregistroak oraindik ez dituzte martxan jarri eta ez dute horiek martxan jartzeko intentziorik, eta beste batzuetan, objektoreen portzentajearen datuak ez dira publikoak edo sarbidea oso mugatua da. Ondorioz, ezin da jakin ospitale bakoitzean abortuen beharrari erantzuteko prest dagoen profesionalik baden.

Posizio erreakzionario horiek Frantziako Estatuan ere ikusi ahal izan ditugu. Azken urtean, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izan beharko litzatekeen eskubidea "askatasun" gisa formulatu da Konstituzioan, abortuak gauzatzeko behar diren berme materialak estatuarentzat betebehar bat izan ez daitezen.

Espainiako Estatuko erradiografia datuetan

2024ko datuek desberdintasun handiak erakusten dituzte aborturako sarbidean. Estatuko eremu gehienetan sistema publikoan egiten diren abortuak %10etik behera dira; 2024. urtean, Extremaduran, adibidez, ez zen abortu publikorik egin. Andaluzian (%0,2) eta Madrilen (%0,47) publikoan egindako abortuak oso gutxi dira, nahiz eta abortu kopururik handiena duten erkidegoen artean egon.

1. mapa. Haurdunaldia borondatez eteteko zerbitzuak eskaintzen dituzten zentroen kopurua, titulartasun publikoaren edo pribatuaren arabera

Antiabortistak

Aurretik aipatutako oztopo guztiak gutxi balira, abortatzeko kliniken aurrean antiabortisten presentzia ere gehitzen da. Urtero, bereziki Garizuma garaian, 40 Días por la Vida mugimenduko antiabortistak egunero biltzen dira zenbait zentrotatik gertu, emakumeak interpelatzeko, panfletoak banatzeko eta otoitz egiteko. Horrela, abortura jotzea erabaki duten emakumeek ez diete soilik oztopo administratibo edo sanitarioei aurre egin behar, baizik eta kliniken atarietan sortzen den presio sozial eta moralari ere.

AEBetan sortutako 40 Días por la Vida mugimendua gaur egun hainbat herrialdetan dago antolatuta, Espainiako Estatuan barne, eta abortuaren aurkako mobilizazioak bultzatzen ditu. Irutxuloko Hitza-n argitaratutako artikulu batek erakusten du talde horien eta eskuin muturreko sare antolatuen artean lotura zuzena dagoela. Donostian eta Madrilen egindako mobilizazioetan, esaterako, Voxeko kideak izan ziren antolatzaile eta parte-hartzaile, eta deialdiak zabaltzen aritu ziren Hazte Oír edo Enraizados elkarteekin batera.


Gainera, talde horiek finantziazio handiak jasotzen dituzte: Sexu eta Ugaltze Eskubideen Europako Parlamentuaren Foroak egindako txosten baten arabera, 2009 eta 2018 artean gutxienez 707 milioi dolar bideratu zituzten mundu-mailan eskubide sexual eta erreproduktiboen aurkako kanpainetara. 81,3 milioi AEBetatik sartu ziren, alderdi errepublikanoarekin eta eskuin muturrarekin lotura estuak dituzten milioidunek finantzatutako think tank eta Gobernuz Kanpoko Erakunde kontserbadoreen bidez. Errusiako Federazioak 188 milioi dolar eman zituen, oligarka errusiarrei lotutako fundazio, ikerketa-zentro eta komunikabideen bidez. Hala ere, finantzaketaren zatirik handiena Europatik etorri zen: 437,7 milioi dolar, generoaren aurkako mobilizazioetan parte hartzen duten hogei bat fundazio pribaturen bidez, eta azken hamarkadan sortutako GKE transnazionalen aliantzek indartuta. Finantzatzaile nagusien artean Espainiako lobby ultrakontserbadore Hazte Oír/CitizenGO ageri da, 2009 eta 2018 artean ia 33 milioi dolar gastatu zituena.

2. grafikoa. Abortuaren eta LGTBI pertsonen aurkako finantzaketaren bilakaera Europan, erakundearen jatorrizko lurraldearen arabera

Zifra horiek erakusten dute abortuaren aurkako mobilizazioak ez direla lau zorok aurrera ateratako ekimen isolatuak, baliabide ekonomiko eta politiko sendoak dituzten sare antolatu baten parte baizik.

Obuluen salmenta

Emakumeon eskubide erreproduktiboaren kontura mugitzen den dirua abortuaz haratago doa. Obuluen donazioa horren adibide argia da.

Obodonazioa laguntza bidezko ugalketa teknika bat da. Teknika horrekin, emakume batek –hartzaileak– beste batek –emaileak– emandako obuluak edo obozitoak erabiltzen ditu haurdunaldia lortzeko, In Vitro Ernalketaren (IVE) bidez. Prozesuak emailearen estimulazio hormonala, laborategiko ernalketa eta enbrioia hartzaileari transferitzea eskatzen du. Obuluak erauzteko prozesua, aurrerago ikusiko dugunez, konplexua da eta arriskuak ekar ditzake. Urte gutxian hazkunde handia izan duen sektore bat da, besteak beste, antzutasun-tasaren igoeragatik, amatasunaren atzerapenagatik eta turismo erreproduktiboaren hedapenagatik.

Espainiako Estatuan, legeak ezartzen duenez, obozitoen donazioa altruista eta anonimoa izan behar da eta ezin da salmenta gisa kategorizatu. Ondorioz, emaileei ezin zaie obuluengatik ordainketa ekonomikorik egin, eta ordainsaria donazioak eragindako eragozpen eta gastuen "konpentsazio" gisa justifikatzen da –900€ eta 1.200€ artean erauzte-prozesu bakoitzeko–. Praktikan ordainsari horiek funtsezko pizgarri ekonomiko gisa funtzionatzen dute.

Klinikek motibazio nagusiki ekonomikoa duten emaileak prozesuaren hasieratik baztertu beharko lituzkete, zaurgarritasun ekonomikoak donazioa benetan libreki egitea baldintzatu dezakeelako. Emakume askok badakite prozesuaren hasieratik motibazio nagusiki ekonomikoa adierazteak bazterketa ekar dezakeela. Hala ere, galdetegietan zaurgarritasun ekonomikoa aipatzen denean, bildu diren zenbait testigantzak adierazi dute hautaketa gainditzeko zer erantzun eman behar duten iradoki dietela. Horrek zalantzan jartzen du motibazio ekonomikoa benetan baztertzeko mekanismoak nola aplikatzen diren. Gainera, kliniken erakartze-kanpainen atzean dagoen logika dirua behar duten emakumeei zuzenduta dago: legez dohaintzak 18 eta 35 urte bitarteko emakumeek egin baditzakete ere, propaganda-kanpainak 18 eta 25 urte bitarteko emakumeei zuzenduta daude. EHUko campusetan, esaterako, halako propaganda banatzen ibili diren enpresak ikusi izan ditugu, donazioaren "konpentsazioak" urte osoko matrikula ordaintzeko balioko lukeela azpimarratuz. Lagunak gomendatzeagatik ere aparteko dirua eskaintzen da. Propaganda emozionala edo emakumeon ahalduntzea aipatzea ere ohikoa izaten da. Martxoaren 8ko eguna bera probestu ohi dute haien mezuak zabaltzeko.

Ez da existitzen emaileei buruzko erregistro globalik, baina ikerketa akademikoen arabera Europako donazio-merkatuan herrialde jakin batzuetan kontzentratzen dira emaileak: Espainiako Estatua, Ukraina, Errusia, Georgia, Grezia eta Txekiar Errepublika. Zenbait ikerketak azpimarratzen dute emaileen artean emakume migratzaileen presentzia esanguratsua dela, kasu gehienetan egoera ekonomiko prekarioak erabakian eragiten baitu. Gainera, klinikek fenotipo jakin batzuen eskari handiagoa baloratzen dute, eta hori ordainketetan islatzen da: profil nordikoek –azal zuria, begi urdinak edo ile horia– konpentsazio handiagoa jasotzen dute, eta beste jatorri edo bereizgarri etniko batzuk dituzten emakumeek –jatorri latinoamerikarrekoak, adibidez–, aldiz, gutxiago.


Prozesuaren arriskuak

Merkatuak obuluen salmenta-prozesu sinple gisa aurkezten digun arren, estimulazio hormonalarekin eta obozitoak ateratzeko puntzioarekin lotutako arriskuak egon daitezke. Emakumeek ahalik eta obozito gehien produzitzeko estimulazio-fasean, obulutegiak gehiegi erreakzionatu dezake, eta horrek hiperestimulazio-sindromea eragin dezake: sabeleko hantura, mina, goragalea edo, kasu larriagoetan, likido-pilaketa eta ospitaleratzea. Puntzioak, bestalde, odol-jarioa, infekzioak edo anestesiari lotutako konplikazioak sor ditzake. Literatura medikoan ondorio larrienen artean obulutegiaren hiperestimulazio-sindrome larria, tronbosia edo arnasketa-arazoak deskribatu dira. Halaber kisteak, endometriosiaren agerpena edo, kasu bakanetan, ugalkortasun-arazoak ere aipatu dira.

Hainbat kasutan, emakume batzuek estrakzioaren ondoren konplikazioak izan dituzte, hala nola obulutegiko tortsioa. Emaileak larrialdietara joan behar izan dira eta ondorengo ebakuntzen ardura hartzeari uko egin diote klinika batzuek, pazienteek aldez aurretik sinatutako baimenaren aitzakiapean. Baimen horretan puntzioak ekar zitzakeen arriskuen berri ematen zenez, balizko ondorioak ezagutzen zituztela argudiatu izan dute.

Horrez gain, kontuan hartu behar da epe laburreko sintomak baino ez dituztela aipatzen. Epe luzerako ondorioei dagokienez, oso gutxi ikertu den arlo bat da eta adituen artean oraindik ez dago adostasunik; izan ere, klinikek ez dute emaileen jarraipen sistematikorik egiten.

Prozesuari dagokionez, zenbait testigantzak erakutsi dute ez dela beti atsegina. Emaile batzuek azaldu dute prozesuan aurrera jarraitzeko presioa sentitu dutela, nahiz eta sintomak agertu. Beste kasu batzuetan, donazioa eten nahi izan dutenean, klinikek atzera egitea zaildu dietela salatu dute, gastuak edo prozesuaren kostuak erreklamatzeko mehatxuak aipatuz. Halako testigantzek diote informazioa ez dela beti erabatekoa, eta arriskuak minimizatzeko joera dagoela, bereziki erakartze-fasean.

Espainiako Estatua: obozitoen merkatuaren erdigune eta nazioarteko nodo

Obulu-bankuen sistema deszentralizatua da, eta banku handienek nazioarteko banaketa-eredu bat garatu dute. Abortua gauzatzeko prozeduretan gertatzen den bezala, sektorearen balio ekonomikoaren zati handiena klinika pribatuetan kontzentratzen da. Merkatu global baten logika indartu da, non donazioek nazioarteko sare batean zirkulatzen duten.

Datuen arabera, Europa mailan egiten diren obozitoen donazio-zikloen %50 inguru Espainiako Estatuan gauzatzen dira. Obodonazio bidezko haurdunaldia lortu nahi duten Europa mailako emakumeen helmuga-estatu nagusia da. Egoera horrek nazioarteko turismo erreproduktiboaren erreferentziazko zentroa bihurtu du, eta banku eta klinika handien hedapen internazionalak negoziorako aukera gisa identifikatu dute Espainiako Estatuko donazio maila handia. Hortaz, Estatu Batuetako programen hedapena, adibidez, geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari da. Enpresa horiek donazio ez-anonimoak bilatzen dituztenez, legeak baimentzen duen konpentsazioa baino askoz ere diru kantitate handiagoak eskaintzen dituzte.

Sare sozialen bidez emakume gazteen artean zabaltzen duten mezua honakoa da: "Bazenekien mundu osoan zehar dohainik, dena barne, bidaiatzen ari diren neskak badaudela? Ia inork ezagutzen ez duen hack bat dago: obuluen donazioa. Gure emaileek sekulako lekuetara bidaiatzen dute; Nueva York, Miami, Los Angeles, Mexiko, Kolonbia, Zipre… Eta hori guztia familia bati lagundu eta dirua irabazten duzun bitartean".

Esperientzia ahalduntze-prozesutzat saltzen dute, opor moduko esperientzia gisa aurkezten da –bidaiak doan, egonaldi ordaindua–, eta aldi berean ordainsari handiak azpimarratzen dira.


Merkatu oso errentagarria

Azken urteetako merkatu-ikerketa askok obozitoen donazioaren sektorea inbertsiorako aukera gisa aurkezten dute, hazkunde iraunkorra duelako. Zenbait txostenen arabera, mundu-mailako obozitoen donazio-merkatuak 523 milioi dolar inguruko balioa izan zuen 2024an, eta 1.380 milioi dolar ingurura iristea espero da 2034rako, urteko %10 inguruko hazkundearekin.


Espainiako Estatuko merkatuan ere joera bera ikus daiteke. DBK-INFORMAren arabera, ugalketa lagunduko zentro pribatu espezializatuek 630 milioi euro fakturatu zituzten 2023an, eta 645 milioi euro ingurura igo zen kantitatea 2024an. Merkatuak kontzentrazio-joera handia du: bost operadore nagusiek sektorearen %50 baino gehiago biltzen dute. Horren adibide garbia da KKR funts israeldarrak Espainiako Estatuko enpresa liderra zen IVI-RMA taldea 3.000 milioi euroren truke erosi izana. Inbertsio-funtsa munduko buruetako bat bihurtu da medikuntza erreproduktiboan, eta 2024rako bere ugalkortasun-inperioa 3.600 milioi euro inguruan baloratzen zen.

Israel eta ugalkortasunaren industria

Israel aitzindaria da laguntza bidezko ugalketa-tekniketan. Industria belikoan gertatzen den bezala, estatuaren finantzaketa masiboak jasotzen ditu laguntza bidezko ugalketaren tekniken industriak. Beste edozein herrialdek baino ugalkortasun-klinika gehiago ditu pertsona bakoitzeko, eta In Vitro Ernalketa ziklo gehien finantzatzen dituen estatua da; kasu askotan, bi seme-alaba ere finantzatzen dira.

Finantzaketa hori biztanleria israeldarraren hazkundea ziurtatzeko politiken artean kokatu behar dugu. Estatu genozidarentzat lehentasun estrategikoa duen auzi bat da biztanleria arabiarrari gerra demografikoa irabaztea eta gerra militarra behar adina soldaduz hornitzea. Hala adierazi zuen Mordechai Gurrek, Israelgo militar eta politikoa izandakoa: "Israelgo populazioa handitzeko In Vitro Ernalketa etorkin bat ekartzea baino merkeagoa da" (1987). Amatasuna misio nazional gisa ulertzen da.

Gerra demografiko hori irabazteko erabiltzen dituzten politikak palestinarren ondorengotza zailtzea dute helburu. Esate baterako, ezaguna da preso palestinarrek jasan behar izaten duten espetxe-politika berezia: bikotearen bisitak erabat debekatuta dituzte eta ezin dute senideekin inolako kontaktu fisikorik izan; preso juduek, aldiz, bikote-bisitak izateko eskubidea eta ezkontzeko eta seme-alabak izateko aukera ere badute.

Laguntza bidezko ugalketa-politikek logika arrazista berberak erreproduzitzen dituzte, palestinar emakumeen haurdunaldia zailtzea helburu dutenak. Kliniken banaketa desorekatua horren adibide da: IVEko 25 unitateetatik bat ere ez zegoen ospitale arabiarretan kokatuta, eta horrek benetako sarbidea mugatzen du.

Ondorioak

Erreportajean ikusitakoak agerian uzten du emakumeon eskubide erreproduktiboak merkatuaren esanetara daudela. Abortatzeko erabakia oztopatu egiten da, baina ugalketa-merkatuari etekinak sortzeko balio duenean, instituzioek eta enpresek bultzatu egiten dute. Horrek erakusten du gaitasun erreproduktiboaren erabilera interes ekonomiko eta demografikoen arabera arautzen dela.

Obuluen salmentaren kasuan, etekin milioidunak sortzen dituen sektore bat da, egoera zaurgarrian dauden emakumeen donazioen kontura aberasturikoa. Negozio horretako merkantzia emakume zaurgarri horien obuluak dira; izan ere, prozesua zailtasunen ondorioz osorik burutu ezin denean, ez da hartutako arriskuengatik inolako ordainketarik jasotzen.

Gainera, hazkunde-prozesuan dauden merkatu horiek ugalketaren arloan gertatzen ari diren aurrerapen teknologikoak erabiltzen dituzte haien helburu demografiko eta geopolitikoak sendotzeko. Israel horren adibide esanguratsua da: zentro inperialistan gero eta arazo handiagoa den antzutasunaren testuingurua baliatuz, laguntza bidezko ugalketaren sektorean lidergoa indartzen ari da, eta politika horiek palestinarren aurkako lehia demografikoa areagotzeko tresna gisa erabiltzen ditu.

Azken finean, erreprodukzioari lotutako politikek eta merkatu-logikek norabide bera hartzen dute: emakumeen gaitasun erreproduktiboa merkantilizatu egiten da, interes ekonomiko, politiko eta demografikoen arabera.