AKTUALITATEA / Faxismoa
Erorien Monumenturako azken bi proposamenek kupula mantentzen dute
Monumentu frankista "eraldatzeko" proposamenak bildu ditu Iruñeko Udalak (EH Bildu), eta uko egin dio ikur faxista eraisteari, elkarte memorialisten ohartarazpenei entzungor eginez.
2026eko maiatzaren 28 - 09:38
Erorien Monumenturako azken bi proposamenek kupula mantentzen dute

Erorien Monumentua eraistearen aldeko eskakizun sozialari entzungor eginez, oroigarri frankista "eraldatzeko" prozesu "parte-hartzaile" mugatu bat jarri zuen martxan Iruñeko Udalak (EH Bildu), eta 21 proposamen jaso ditu norabide horretan. Epaimahai batek aztertu ditu proposamen horiek, eta bi hautatu ditu aurrera egin dezaten: Harriak Hitz eta Itzaletik Argira izeneko proiektuak, hain zuzen ere. Orain, bi aukera horien artean soilik bozkatu ahal izango dute herritarrek.

Monumentu faxistan museo-memorial bat egitea hartu du oinarritzat udalak abiatutako prozesuak. Diario de Navarra-ren esanetan, azkenera heldu diren bi proiektuek eraikina mantentzen dute ia osorik; kupula barne, nahiz eta bertan aldaketak egitea planteatzen duten. Bi planek jasotzen dute, bestalde, Mola eta Sanjurjoren kriptak desegitea.

Joseba Asiron (EH Bildu) alkateak gidatu du epaimahaia, eta irizpide modura jarri zuten, teorian, oroigarri faxista "maila sinbolikoan desaktibatzea" lortzen omen duten proiektuak lehenestea. Itzaletik Argira proposamenak, esaterako, proposatzen du arkuak kenduz eta kupulan aldaketak eginez lortzea "desaktibazio" hori.

Elkarte memorialistek urteak daramatzate Erorien Monumentua eraitsi dadila exijitzen, iritzita eraikina eraldatzeak bere horretan mantentzen duela ikur frankistaren "genesia"; izan ere, "gerra irabazi zuen aldeari gorazarre egiteko" eraiki zuten hura faxistek. Horiek horrela, udalaren prozesu parte-hartzaileari helegite bat jarri diote aurten, monumentuari "beste esanahi bat ematea" ezinezkoa dela eta hura botatzea ezinbestekoa dela gogoraraziz. Jendartean babes zabala du monumentua eraistearen aldeko eskaerak, azken urteetan izan diren mobilizazio jendetsuek erakutsi duten bezala, baina udalak ez du aldarri hori aintzat hartu.