AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume bati aizto batekin egin dio mehatxu bikotekide ohiak, Gasteizen
Eztabaida baten erdian egin zion mehatxu arma zuriarekin, Lakuabizkarra auzoko etxebizitza batean. Aurreko ostegunean, bestalde, Gasteizko beste etxebizitza batean eraso zion emakume bati bere mutil lagunak.
2022ko martxoaren 16
Emakume bati aizto batekin egin dio mehatxu bikotekide ohiak, Gasteizen

Joan den astelehenean 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen (Araba), bere bikotekide ohiari eraso egiteagatik. Izan ere, Lakuabizkarra auzoko etxebizitza batean zirela, eztabaida izan zuten biek, eta une horretan, aizto batekin egin zion mehatxu neska lagun ohiari. Gizonak etxetik alde egin zuen gero.

Gertatutakoaren berri eman zion poliziari emakumeak, eta etxe inguruan atzeman zuten gizona. Atxilotu egin zuten, arma zuri batekin mehatxu egitea leporatuta.

Duela astebete baino gutxiago, aurreko ostegunean, beste eraso baten berri eman zuten Arabako hiriburuan. 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten egun horretan, bere bikotekideari eraso egiteagatik. 07:00ak aldera, emakumearen etxebizitzan izan zuen eztabaida bat bikoteak, eta neskari eraso zion mutilak. Atxilo eraman zuten.