Skip to Content
AKTUALITATEA / Etxebizitza

Emakume bat eta bere alaba etxegabetu dituzte Arrigorriagan

Aurreko ostiralean izan zen etxe-kaleratzea, eta, beste behin ere, protestan ari ziren pertsonen aurka kargatu zuen Ertzaintzak.
2026eko azaroaren 2 - 09:08
Emakume bat eta bere alaba etxegabetu dituzte Arrigorriagan
— ARGAZKIA Adur Galdos/El Salto

AKTUALITATEA

Aurreko ostiral goizean, beste etxegabetze bat izan zen Euskal Herrian: Arrigorriagan (Bizkaia), emakume bat eta adin txikiko bere alaba bota zituzten 21 urtez eurena izandako etxetik. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, andrearen senar ohia da pisuaren jabe legala, eta etxea biek erosi zuten arren, gizonaren izenean dago jabetza. Orain, hori argudiatuta kanporatu dituzte bertatik Carmen izeneko andrea eta bere alaba. Carmenek indarkeria matxista jasan zuen bikotekide ohiaren partetik, Batu Elkarlaguntza Sareak azaldu duenez.

Kolektibo horrek deituta, etxe-kaleratzearen kontra protesta egiteko elkarretaratze bat izan zen ostiral goizean familiaren etxearen parean, eta, beste behin ere, bortizkeriaz desegin zuen mobilizazioa Ertzaintzak. Segizio judiziala heldu zenean, Polizia borra-kolpeka oldartu zen manifestarien aurka: El Salto-ren esanetan, ukabilkadak jo zituzten ertzainek, eta iletik tira zieten hainbat pertsonari. Ertzaintza horren ostean sartu zen etxera, eta desalojoa gauzatu zuen.

Arrigorriagako Udalak etxegabetutako familiari eskaini dion "alternatiba" bi hilabetez hotel bateko logela batean egotea da, EITBk jaso duenez. Itxura denez, udala bizitoki-kokaleku bat prestatzen ari da bi emakumeentzat, baina Batuk ez nahikotzat jo du proposamena, ez baitago argi noizko egongo den prest hura.