AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Elkartasun-argazkia ostiraleko etxegabetzearen kontra eta Gasteizko Udalari etxebizitza-alternatiba exijituz

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak udalaren "hipokrisia" salatu du, eta ostiral honetan etxegabetzeari aurre egiteko deia zabaldu du: sei adingabe dituen familia bat dago kalean gelditzear.
2026eko urriaren 21 - 07:11
Elkartasun-argazkia ostiraleko etxegabetzearen kontra eta Gasteizko Udalari etxebizitza-alternatiba exijituz

Atzo arratsaldean, elkartasun-argazki bat atera zuten Gasteizko Lakua gizarte-etxearen parean, ostiral honetarako ezarrita dagoen etxe-kaleratzeari ezetz esateko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu eta auzoko eskola-komunitateek eta bizilagunek babestu zuten ekimena, etxegabetzearen kontra agertzeko eta Gasteizko Udalari (PSOE-EAJ) kalean gelditzear dagoen familiarentzako etxebizitza-alternatiba bat exijitzeko.

"Zer da udalak eskaintzen diena larrialdi-egoeran dauden familiei? Gutxi edo zuzenean ezer ez. Udala egoeraren jakitun da. Ostatu turistiko eta jabe pribatuen zein Wallapop edo Facebook bezalako web-orriak biltzen dituen zerrenda bat ematera mugatu zen. Zein alternatiba mota da hori?", seinalatu zuten Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek.

Hala, gogor kritikatu zituzten udala eta Eusko Jaurlaritza (biak daude EAJren eta PSOEren eskuetan): "Sindikatutik salatu ditugun azken etxegabetze kasuetan ez diete alternatibarik eskaini. Familiei bukaeraraino egiten diete presio, eta ostatu turistikoen zerrenda bat ematera mugatzen dira, deitu eta ordaindu dezaten. Hori da etxegabetzeen aurka dagoen eta ustez gobernu aurrerakoia denaren erantzun instituzionala. Eta, dekretu berriaren arabera, Jaurlaritzak ere alternatiba bat eskaini beharko luke. Etxegabetzea gauzatzen bada eta familia kalean geratzen bada, Gasteizko gobernuaren eta Jaurlaritzaren ardura da". 

Aurreko astean, Miguel de Unamunoko hezkuntza-komunitateak ere salatu zuen etzirako ezarrita dagoen etxegabetzea. Etxebizitza Sindikatu Sozialista buru-belarri ari da lanean desalojoaren kontra, eta mobilizazio-deialdi bat dauka egina ostiralerako bertarako: 09:30ean, Avenida de los Huetoseko 28. zenbakira bertaratzera deitu du.