AKTUALITATEA / Euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak
Gazte-belaunaldi berri batek hartu du Elorrio, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan
Euskal Herri guztiko 100 asanblada baino gehiago batu dira topaketetara: "Elorrio hartuko dugu Gaztetxeen alde borrokatzeko eta lan egiteko prest gauden gazte-belaunaldi berri batek". Egitarauaren barruan, Gaztetxeen aldeko manifestazio bat egingo dute gaur arratsaldean.​
2026eko maiatzaren 30 - 09:47
Gazte-belaunaldi berri batek hartu du Elorrio, Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetan

Atzo arratsaldean hasi ziren Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak, Elorrion (Bizkaia). Euskal Herri osoko hamaika asanbladatako gazteek antolatu dute ekimena hilabete luzez, eta asteburu osorako egitarau ederra lortu dute elkarlanean: mahai-inguruak, hitzaldiak, tailerrak, askotariko ikuskizun eta emanaldiak... "Ilusio handiz, Euskal Herri guztiko 100 asanblada baino gehiago eta 700 gaztetik gora espero ditugu. Gaur hasi eta asteburu guztian zehar eztabaidarako, hausnarketarako eta borrokarako espazio izango dira topaketak", azaldu dute antolatzaileek: "Elorrio hartuko dugu Gaztetxeen alde borrokatzeko eta lan egiteko prest gauden gazte-belaunaldi berri batek. [...] Prozesu honek Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko sarea indartzeko ekarpen handia egin du orain artean, eta espero dugu, topaketak amaituta, are eta indar handiagoz itzultzea gure herri eta auzoetan eragitera".

16:00etan izan zen harrera atzo, eta 18:00etan eman zioten hasiera egitarauari, tailer eta mahai-inguru ugarirekin. "Gazte-asanbladetan metatzen den jakintza elkarbanatzeko helburua dute tailerrek", xehatu zuten atzo antolakuntzatik: "Okupazio-mugimenduaz, elektrizitateaz, bertsoaz, antzerkiaz edo kirolaz ikasteko aukera izango dugu. Gaztetxeen bueltan sortzen ari diren musika kolektibo eta irakurle-taldeek ere beren lekua izango dute antolatutako mahai-inguruetan. Momentu berean, Gaztetxeetatik euskararen alde egin beharreko borrokaz hausnartzeko mahai-ingurua ere egongo da, non Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak eta Baxoa Euskaraz dinamikak parte hartuko duten, besteak beste".

Horren ostean, Azoka Gaztetxeroa egon zen martxan, baita zirku-ikuskizunak, musika-emanaldi batzuk eta Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren bertso-saio bat ere.


Gaur: hausnarketa eta manifestazioa

Egunik indartsuena, dena den, gaurkoa izango da, "hausnarketa kolektiboa" ardatz. "Garaiak borroka eskatzen duela uste dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gazteon artean eztabaidaren kultura sustatzea", zioten atzo: "Garaiaz, gazteon antolakuntzaz eta gaztetxe-mugimenduaren erronkez arituko gara". 11:00etan ekin diote gogoeta-saio horri, hain zuzen ere.

Bestalde, arratsaldeko manifestazioa izango da eguneko beste ekimen potoloa, Gaztetxeen alde hartuko baitituzte Elorrioko kaleak ehunka lagunek, "gazteok borrokatzeko prest gaudela eta horretarako Gaztetxeak behar ditugula aldarrikatzeko, bai eta Euskal Herriko gazteriari antolatzeko deia zabaltzeko". 19:00etan aterako da mobilizazioa herriko plazatik.