Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako (EHKS) eledun Ane Ibarzabalek atzo hartu zuen hitza, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak Loiuko gertaeren ostean egindako adierazpenei erantzuteko. Hainbat kiderekin egin zuen agerraldia EHKSk, tartean Lino Figueroa eta Patxi Calleiras, Global Sumud Flotillako kideak. Biak atxilotu eta torturatu zituen Israelek, eta bigarrengoa berriro izan zen atxilotua gero, Loiun.
Flotillako kideen aurkako bortizkeria salatu zuen Ibarzabalek, eta elkartasuna adierazi zien Kontseilu Sozialistaren izenean. Haien ustez "mundu osoan zehar lotsa sorrarazi duen harrera eman zien Ertzaintzak" flotillakoei eta horregatik eskatu du barkamena Zupiriak, baina EHKSk ohartarazi du sailburuak interbentzio poliziala justifikatu duela nolabait, "probokazioez" eta "erasoez" hitz eginda.
Gainera, Zupiriak ETAren aitzakia erabili izana kritikatu zuen Kontseiluak: "Jaurlaritzari galdetu nahi diogu ea zein den, herenegun emandako makilakadei erantzuteko, duela ia hamarkada bat existitzen ez den erakunde bat aipatzeko beharra". Seinalatu zuen, gainera, sailburu jeltzaleak "azkenaldiko mantra berria" ere atera duela mahai gainera Loiukoa justifikatzen saiatzeko; "ezker erradikalaren" mantra, alegia. "ETAren faltan horrela justifikatzen da Poliziaren etengabeko jarrera bortitza".
"Ertzaintzaren ekintzek uzten duten odolaren arrastoa Segurtasun Sailaren ateraino jarraitu daiteke"
Mamu horri helduta eta zeharka bada ere, EHKSk agerraldian azaldu zuen Zupiria berriz tematu dela Mugimendu Sozialistaren aurka, izan ere, sailburuak sostengatzen du hainbat sektorek Etzaintzaren aurkako kanpaina bat omen dutela abian. Kontseilu Sozialistako kideek, ordea, kontrakoa defendatzen dute: "Ez da Ertzaintzaren aurkako kanpainarik existitzen, errepresioa da dagoena". Hainbat adibide aipatu zituzten, esaterako, duela urtebete Gasteizen "desobedientzia zibila erabiliz" kanpaldi bat egiteagatik dozenaka pertsonak iaz jasandako karga polizialak, edo Azpeitiko herritar ugariren aurka zabalik dagoen prozesu judiziala, "10 zentimetroko pintaketa bat dela-eta". "Edozein disidentzia biolentotzat jotzen dute. Baina denok ikusi dugu Iker Aranari eta Aritz Ibarrari tiro egin zietela, Amaia Zabarteri buruan ostikada bat eman ziotela eta Xuhar Pazosi begi bat kendu ziotela", gaineratu zuen Ibarzabalek.
Herri-mugimenduek bi auzi nagusiri heltzeko premia
"Gure ustez Ertzaintzaren errepresioa jasaten dugun herri-mugimenduek eta mugimendu politikoek bi auziri heldu behar diegu lehenbailehen", nabarmendu zuen Ibarzabalek. Alde batetik, EHKSk iritzi dio Poliziaren "inpunitate gordinari" egin behar zaiola aurre. "Esan bezala Jaurlaritzak, EAJk eta beren inguruko komunikabideek, biktimismo-kanpaina erraldoi baten pean, edonolako jokaerak onartzen dizkiote Ertzaintzari". Kontseiluak salatu du ordezkari instituzionalek behin eta berriz "gezurretan oinarritzen diren errelatoak zabaltzen dituztela", hain zuzen ere, "inpunitate-marko bat sortzeko". Eta antolakundeak argi du, gainera, "polizia-ereduaren inguruko eztabaidek instituzio poliziala zilegitzeko funtzioa betetzen dutela".
Eta, bestetik, EHKSko kideek ohartarazi dute EAEn jokoan dagoena protestarako eta antolatzeko eskubidea dela: "Hau babestea dagokigu, Euskal Herria aktibitate sozial eta politiko handia duen nazioa delako". Horrekin batera, gehitu dute horixe dela, hain justu, "EAJk ezabatu nahi duen komunitate-eredua, eta hori dela eragile iraultzaileon harribitxia".