AKTUALITATEA / Desokupazio-enpresak
DesokupaCyLi aurre egin diote Irunen, eta ez dira itzuli
Goizean bertaratu da desokupazio-enpresa, langile-familia bat bere etxetik botatzen saiatzeko. Etxebizitza Sindikatu Sozialistako hainbat kidek aurre egin diete faxistei, eta 15:00etan bueltatuko zirela esan duten arren, ez dute halakorik egin; 50 bat lagun mobilizatu dira arratsaldean familia babesteko.
2026eko maiatzaren 28 - 19:18
DesokupaCyLi aurre egin diote Irunen, eta ez dira itzuli

DesokupaCyL Irunen (Gipuzkoa) izan da berriz. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, goizean bertaratu dira desokupazio-enpresako hainbat matoi, langile-familia bat bere etxetik bota nahian ari baitira: presioa eta mehatxuak erabiltzen dituzte, familiak etxebizitzatik alde egin dezan. Sindikatuko kideek, baina, aurre egin diete desokupei, eta ez dira itzuli arratsaldean.

"Asteak dira familia horrek pairatzen duen egoeraren berri izan genuela, haiekin harremanetan jarri ginen eta enpresa faxista horien mehatxuei aurre egiteko antolatu ginen. Enpresako matoiek etxebizitzara hurbildu nahi izan dutenean, aurre egin dieten eta alde egitera behartu dituzten sindikatuko kideekin elkartu dira", jakinarazi dute sindikatutik. Desokupek eguerdian esan dute 15:00etan bueltatuko zirela, familiari jazartzen jarraitzeko teorian, baina ez dute halakorik egin.

Arratsaldeko 15:00etarako, 50 bat pertsona zeuden etxeko atariaren aurrean mobilizaturik, jazarria izaten ari den familia babesteko eta faxistei aurre egiteko asmoz. DesokupaCyLekoak, ordea, ez dira bueltatu. "Badirudi enpresa ez dela agertuko, eta sareetan argitaratu dutenez, Burgosera joan direla", xehatu dute sindikatuko kideek. Hala ere, adi segitzen dute; "beste edozein unetan ager baitaitezke".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/EtxeSindikatua/status/2060024194964861179

Oraingoan ere, desokupazio-enpresen "izaera faxista" salatu du sindikatuak: "Haien metodoek, sareetan zabaltzen dituzten diskurtso erreakzionarioek eta jabeentzat betetzen dituzten funtzio eskuadristak enpresa faxista bihurtzen dituzte, gure ustez. Gainera, beste behin argi geratzen da enpresa horiek ez dutela okupazio-kasuen aurka bakarrik egiten (berez kezkagarria), baita maizter erregularren aurka ere, jabeek 'gainetik kendu' nahi dituztenean". Desokupazio-taldeen aurka antolatzera eta kontra egiten jarraitzera deitu du, beraz.