Bilboko (Bizkaia) amarratzaileak berriz mobilizatu ziren aurreko ostegunean, Portugaleten (Bizkaia): langileen aurkako kaleratzeen, zigorren eta biolentzia patronalaren kontra egin zuten protesta bat goizean. LAB sindikatuak egin zuen mobilizazio-deialdia, Etorkizuna bermatu aldarri nagusitzat hartuta. Amarratzaileek hilabeteak daramatzate borrokan, legez kanpoko lan-baldintza miserableak ezartzen dizkietela salatuz; lan sindikala egiten ari diren beharginen aurka jo du zuzendaritzak, kaleratzeak tarteko.
Osteguneko protestan, langileak ez ziren bakarrik egon: Ezkerraldeko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) izan zuten alboan, besteak beste. Aurrez institutuetan lan-gatazkari eta amarratzaileen borrokari buruzko hitzaldiak egin ostean, ikasleak beharginekin batera mobilizatu ziren maiatzaren 14an, klase-elkartasuna erreibindikatuz. Ezkerraldeko Kontseilu Sozialistak ere babestu zuen protesta, eta mahai-inguru bat antolatu du ekainaren 12rako, Bilboko Portuko amarratzaileekin, Tubos Reunidoseko langileekin eta CNT sindikatuarekin batera. Sastraka Gaztetxean izango da hitzaldia, 18:00etan.
Irakurri hemen Bilboko amarratzaileei GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.