AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Bihar espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubidearen alde mobilizatzera deitu dute Etxebizitza Sindikatuek

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira manifestazioak. Sindikatuek aldarrikatu dute "eskubide bermatu" bat izan beharko lukeela etxebizitzak eta "aurrerapausoak ez direla etorriko gaur egungo alderdi politikoen eskutik".
2026eko urriaren 1 - 06:27
Bihar espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubidearen alde mobilizatzera deitu dute Etxebizitza Sindikatuek

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak mobilizazio-deialdi bat aurkeztu dute elkarrekin: bihar, urriaren 2an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, "espekulazioaren kontra eta denontzat bermatuta egongo den etxebizitza baten alde borrokatzeko". 19:00etan izango dira mobilizazioak, Bilboko Arriagatik, Donostiako Bulebarretik, Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazatik eta Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuta.

"Etxebizitzak bermatutako eskubide bat izan beharko luke, osasungintza edo hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia, ordea, etxebizitzaren negozioa da", seinalatu zuten sindikatuek atzo Bilbon egindako agerraldian: "Etxebizitza gutxi batzuen negozio-iturri den bitartean, ezingo da bermatutako eskubide kolektibo bilakatu". 

Horri lotuta azaldu zuten "arazoaren parte" direla funts-putreak, "baina ez bakarra": "Jomugan espekulazioa jarri behar dugu. Putre-funtsen negozioen ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gero eta jende gehiagorentzat. Baina baita eraikuntza-enpresen, banketxeen edo alokairuan hamar etxebizitza izanda langileen kontura aberastu diren jabeen ondorioz ere".

Borroka hiru norabidetan

Espekulazioari aurre egiteko, sindikatuek beharrezkotzat daukate "hiru norabideetan aurrerapausoak ematea": "Batetik, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, ezin baitugu onartu oinarrizko behar bat den etxebizitza gutxi batzuen eskuetan pilatzea. Bestetik, espekulazioa debekatzea. Errotik moztu behar dugu etxebizitzei erabilera espekulatiboa eman nahi diotenen negozioa. Eta azkenik, negozioaren esku dauden baliabide guztiak langile-klasearen zerbitzura jarri behar dira. Gure beharrak izan daitezen zer, non eta nola eraikitzen den erabakitzen dutenak, eta ez irabazian oinarritutako merkatu batek".

Ez alderdi politikoen eskutik

Sindikatuek prentsaurrekoan ohartarazi zutenez, dena den, "aurrerapauso horiek ez dira etorriko gaur egungo alderdi politikoen eskutik; alderdi gehienek sektore errentisten interesei men egiten diete eta, guztiek, beraien interes elektoralista lehenesten dute". Kontrara, nabarmendu zuten azken asteetan ikusi dela "kaletik, antolatuta eta helburu definituekin aldaketak bultzatu daitezkeela".

"Egoera asko hobetuko luketen zenbait neurri aldarrikatu dituzte milaka pertsonek kaleetan, hala nola, etxegabetze guztien etetea edo alokairu-prezioen jaitsiera. PSOEren gobernuak, ordea, dekretu bat aurkeztu du, ez dituenak gutxieneko neurri horiek inolaz ere barne biltzen", azaldu zuten: "Lerroburu asko, baina aldaketa erreal gutxi, eta gehienak aldi baterakoak". Horrez gain, sindikatuen esanetan, "espekulazioaren kontra hartu behar zen neurri bakarra, putre-funtsen salerosketarena, ez da ezertan geratu". 

"Guk gutxieneko neurri horiek aplikatu daitezen borroka egingo dugu, sakoneko eraldaketak eragiteko indarrak batzen ditugun bitartean: etxegabetze guztiak eten behar dira eta alokairu prezioak jaitsi", erreibindikatu zuten. "Bide horretan ekarpena egiteko" konpromisoz, "Euskal Herrian ditugun administrazioen rola" ere gaitzetsi zuten sindikatuek: "Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak jarri dituzte martxan. Politika horiek seinalatzea eta borrokatzea Euskal Herriko herri-mugimenduon egiteko garrantzitsu bat da".

"Kaleak hartu ditzagun, espekulazioari aurre egin eta etxebizitza bermatutako eskubide bat izan dadin, soilik borrokaren eta antolakuntzaren bidetik etorriko baita etxebizitzaren arazoaren konponbidea", adierazi zuten agerraldiaren amaieran: "Eman dezagun urrats bat aurrera Euskal Herrian ideia hauen baitan lan egingo duen etxebizitza-mugimendu sendo bat gorpuzteko".