Bilboko Udaltzaingoan jarduten duen beste erasotzaile matxista bat atzeman dute. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, asteartetik asteazkenerako gauean, emakume bati eraso zion bere bikotekideak Miribillako etxebizitza batean: kolpatu eta mehatxatu egin zuen gizonak, eta gero, gainera, sakelako telefonoa kendu zion. Horrexegatik, eskailera-burura joan behar izan zen biktima laguntza eskatzeko. Gero, larrialdi-zerbitzuetara deitu ahal izan zuen, bikotekidea eraso egiten ari zitzaiola esanez. Haurdun dago emakumea.
Bilboko udaltzaina da erasotzailea, eta 42 urte ditu. Momentuan atxilotu zuten, genero-indarkeria leporatuta. Biktimak azaldu duenez, gainera, aurrez ere egin izan dio eraso gizonezkoak: berekiko urruntze-agindu bat eskatu du orain.
Honakoa ez da denbora gutxian Bilboko udaltzainen artean argitara atera den indarkeria matxista kasu bakarra. Iazko abenduan jakin zen beste udaltzain gizonezko bat bere bikotekide ohiari jazartzen ari zitzaiola, eta biktimaren kotxean GPS gailu bat ipini zuela horretarako, besteak beste. Hala ere, duela egun gutxi jakinarazi dute Bilboko Udaltzaingoan mantendu dutela jazarlea, indarkeria matxistagatik kondenatu duten arren. Urte eta erdian, hiru erasotzaile matxistaren berri izan da Bilboko Udaltzaingoan, Itaiak oroitarazi duenez.
"Bilboko Udaltzaingoan dagoen erasotzaile kopurua larria da. Inpunitate osoz jarduten duten figurak eta horiek zuritzen dituzten erantzuleak seinalatu behar ditugu", ohartarazi du Bilboko Itaiak. Izan ere, salatu du udaltzain horiek "beren posizioa probesten dutela erasoak gauzatzeko", "polizia-baliabideak erabili" baitituzte zenbait kasutan; eta, gainera, indarkeria matxistagatik kondenatuak izan arren, Polizian mantendu ohi dituzte erasotzaileak. Hori gutxi balitz, Itaiak gogorarazi du "udalak eta alderdi politiko guztiek erasoak isilpean gorde dituztela".