AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Beste familia baten etxegabetze bortitza Gasteizko Alde Zaharrean, adingabeak tartean

Desalojoaren aurka mobilizatu da Auzoan Bizi, baina bortizki kanporatu ditu manifestariak Ertzaintzak. 8 eta 10 urteko bi haur dira etxegabetutako familian.
2026eko irailaren 25 - 08:30
Beste familia baten etxegabetze bortitza Gasteizko Alde Zaharrean, adingabeak tartean
— ARGAZKIA Gasteizberri.com

Beste etxe-kaleratze bat; eta Poliziaren indarkeriaz gauzatutako beste desalojo bat. Gaurkoan, Gasteizko Alde Zaharrean etxegabetuko dute familia bat, tartean, 8 eta 10 urteko bi haur.

Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak goizeko 07:30ean jakinarazi du Ertzaintza bertan zela jada, desalojoa eguerdirako ezarrita dagoen arren. Kaleak itxi ditu, eta etxegabetzearen aurka protesta egiten ari diren pertsonak jipoitu ditu, arriskuan dagoen familiaren etxearen parean. Indarrez kanporatu ditu handik manifestariak, eta hainbat zauritu daude. "Auzokideen etxeak defendatuko ditugu" irakur daiteke etxeko balkoian jarritako pankartan.

Ertzaintzak dispositibo erraldoi bat jarri du martxan etxe-kaleratzea gauzatzeko, eta hamar furgoi bertaratu dira, GasteizBerri.com atariaren arabera.